Aurkezpenean Arrizabalagak bidelagun izan ditu Xabier Alberdi Zabale, Aitor Alberdi eta Ibon Errazu, eta baita Udaleko Kultura zinegotzi Sonia Vazquez eta Um Blem Ble elkarteko ordezkari Jon Ander Larramendi ere.
Azaldu dutenez Trikiti Egune antolatzearen ideia trikitilari gazteen eskutik heldu zen, eta zehazki, Anartz Zubizarretaren eta Aitor Alberdiren eskutik. "Trikitiaren aldeko zaletasun handia dago gazteen artean, eta etxean jotzeaz gain, trikitia kalean jotzeko da. Zergatik ez trikitiaz gozatzeko festa bat sortu? pentsatu genuen". Proposamena esku zabalik hartu zuten denek. "Gogoz heldu diogu - gaineratu du Xabier Alberdik- "Azkoitiko herriak eta trikitilariok merezi dugulako horrelako egun bat".
Egitarauari dagokionez, larunbatean, hilaren 17an, goizeko 11:30ean elkartuko dira San martingo erloju azpiko Mikologia elkartean. "Herrira jaitsiko gara eta auzo eta kale gehienetatik pasatzen saiatuko gara". Taldeka ibiliko dira pare bat orduz eta 13:30ean, denak Julio Urkixo kalean elkartuko dira kalejira erraldoia egiteko. Kalejiran Herriko plazara iritsiko dira eta plazan argazkia aterako dute denek. "Oroimenerako argazkia".
Ondoren, plazan bazkaria egingo dute. Ibon Errazuk azaldu ditu bazkariaren inguruko nondik-norakoak. "Andra Mari jaietan paella egiten duten boluntarioek prestatuko digute guri ere, eta Zapiain sagardotegiak txerri-saiheskia eta sagardoa jarriko ditu". 100-120 inguru txartel salduta daude dagoeneko. Txartelak salgai daude Dean, Koxka eta Latz tabernetan.
Arratsaldean erromeria izango da. Parte hartzen duten trikitilariak igoko dira oholtzara eta gauen plazan Iratzar taldea arituko da 23:00etatik aurrera.
Ilusio handiz prestatu dute eguna eta egunaren bueltako xehetasun guztiak, baita karteleko argazkia ere. Iosu Arrizabalagak azaldu du kartelaren egilea Xabier Etxaniz dela eta argazkiak gizon bat duela "ardatz", Candido Beristain zena, alegia, "Norberta bezala ezagutzen zena. Gizon estimatua, ez dakit garai hartan solfeoan-eta hark adina zekien besteren bat izango ote zen. 1935ekoa da argazkia, Donostiako trikiti txapelketa batean ateratakoa. Hark hemengo trikitilari askori bide eman zien eta disimuluan pasatu da bere izena". Argazkiak agertzen da, halaber, Marcelino Larrinaga, soinuak ekoizten hasi zen lehenengoetarikoa. Justu hark egindako 22. soinua ekarri du Arrizabalagak aurkezpenera.
Argazkien harira, erakusketa ipiniko dute larunbatean. Argazki zaharrak izango dira eta nahi dutena da, norbaitek argazki horien inguruko informazioa izango balu, jasotzea, hala nola, urtea, tokia, agertzen direnen izenak, e.a.
Horrelako ekimen polita izanda, Kultura zinegotzi Sonia Vazquezek Trikiti Egunari jarraipena emateko eskatu die. Ari dira dagoeneko zer hobetu aztertzen datorren urteari begira.
Horra aurrerapen bat, giroa berotzeko: