Kanarietako Gazte Orkestra, uztailaren 21etik 27ra bitartean, Donostiako Musika Hamabostaldian parte hartu aurretik, Euskaditik barrena egingo duen biraren baitan, bost eszenatokitatik igaroko da. Azkoitian eta Hondarribian emango ditu kontzertuak, eta baita hiriburuetan ere. Gasteizko Principal Antzokian, Bilboko Euskalduna Jauregian eta Donostiako Victoria Eugenian izango da.
Kanaritako Gazte Orkestrak 2016an ekin zion bere ibilbideari eta ordutik, guztira 65 kontzertu eskaini ditu. Taldeak ehun musikari inguru ditu. Bira aurkezteko Kanarietan eskainitako prentsaurrekoan Víctor Pablo Pérez zuzendariak esandakoaren arabera, "esperientzia ahaztezina" izango da eurentzat.
Orkestrak Nemanja Radulovic biolinista izango du bidelagun. 2015ean Echo Klassik saria jaso zuen, eta ezaguna da bere birtuosismo, sakontasun eta espresioagatik. Warner Classicsen artista esklusiboa da 2021etik.
Munduko orkestra handienekin jo du Radulovicek. Besteak beste, Münchner Philharmoniker, NDR Radiophilharmonie Hannover, WDR Köln, Stuttgarter Philharmoniker, Berlingo Deutsches Symphonie-Orchester, Orchestre philharmonique de Radio France, Belgikako Orkestra Nazionala, Turingo L‘Orchestra Sinfonica Nazionale della RAI, L‘Orchestra della Toscana, Royal Philharmonic Orchestra, Montrealko Orkestra Sinfonikoa edota Tokioko Symphony Orchestrarekin egin du lan.
Musikari serbiarrak Piotr Illich Tchaikovski konpositorean 1878an idatzitako Biolinerako Kontzertua interpretatuko du, obrarik zailenetarikoa biolinarentzat.