Kopaz Kopa Ados Teatroa konpainiaren azken lana da. Rex Pickett-en “Entre copas /Sideways” eleberriaren euskarazko bertsioa da. Asier Sota, Iñigo Aranbarri, Ainhoa Aierbe eta Ainara Ortega dira antzezlanaren protagonistak, Garbi Losadaren zuzendaritzapean. “Entretenitzeari utzi gabe, bakardadea, indibidualismoa, laguntasuna eta melankolia bezalako gaietan murgiltzen da”. “Kopaz kopa”-k gozatzera gonbidatzen gaitu, existentziaren momento grisak alde batera uzten. Eta atzeko planoan, beste pertsonaia bat balitz bezala, upeldegiak eta mahastiak: Lau protagonisten sentimenduen leherketak hautsitako bakezko leku gisa”.
Datorrena
Antzerki eskaintzari dagokionez, datozen asteetan beste lau antzezlan aurkeztuko dira Baztartxo Antzokian. Txalo Produkzioak-ek “Lehendakari gaia” ekarriko du Iker Galartzarekin eta Zuhaitz Gurrutxagarekin otsailaren 5ean. Otsailaren 19an, berriz, “Porno vs. Afrodita (edo I love #gorkaurbizu)” ikusteko aukera izango da. Patricia Urrutiak, Elena Olivierik eta Pablo Ibarluzeak zuzendutako antzezlana da, bereziki gazteei zuzendua.
Martxoaren 5ean, Tanttakak “Semea pixka bat motelago dabil soilik” antzelana taularatuko du Baztartxon, Fernando Bernuések zuzendutako obra. Apirilaren 2an, Hika Teatroaren “Tarara” obra eskainiko da.
Dantza ikuskizunen artean, Kresala taldeak “Amoria & Dolore. Elkano, lehen mundu bira” ikuskizuna ekarriko du Azkoitira urtarrilaren 22an eta otsailaren 12an, Eñaut Elorrieta jabetuko da oholtzaz. “Irteera argiak” bere azken diskoa aurkeztuko du Baztartxon.
Haur eta gaztetxoentzat urtarrilaren 29an, “Tartalo. Gaztearen sekretua” eskainiko da. Go!azen 8.0 ikuskizuna martxoaren 19an izango da, eta apirilaren 9an, Kantu Koloreren “Peru Krokodiloa” musika ikuskizunaren txanda izango da.