Alkatea oso pozik agertu da eta esker oneko “Azkoitia, gure herria, eta emakumezkoen pilota uztartzeko dugun aukera honengatik. Herri hau pìlotaren erreferentzia da, pilotaren sehaska. Pilota bizi dugu eta gure izaeraren esentzia da”. Gaineratu du balio erantsia duela txapelketa honek “eskuzko emakume pilotari profesionalei euren ibilbidean bultzada ematen dielako”.
“Ados Pilota” maiatzean sortu zen emakume pilotariei ikusgarritasuna eman eta bide bat egiteko asmoz. Maite Ruiz de Larramendi eta Iera Agirre pilotari nafarrak dira sustatzaileak, eta helburua da pilotariek euren aktibitatea berdintasunean eta duintasunez burutu ahal izateko testuinguru egokia eskaintzea.
Emakume pilotariei merezi duten tokia eman nahi diete. Aurten “Plazaz Plaza” txapelketa egin dute ezagutzera emateko eta herrietara iristeko. Orain hastear doana da antolatzen duten lehenengo torneo handia, “Euskal Herrian egiten den horrelako lehen txapelketa”.
“Nahi dugu erakutsi frontoiak emakumeenak ere badirela. Duela ehun urte raketistak ziren lehen emakumezko kirolari profesionalak, eta pentsa, zenbat urte pasa behar izan diren hona iristeko. Txapelketa hau rakestistei egiten diegun omenaldia da, raketistei eta hainbeste babesten gaituzten amei. Horregatik, bizkarrean elastikoetan amen abizenak eramango ditugu partiduetan”, azaldu du Iera Agirrek.
Txapelketan Euskal Herriko emakume pilotaririk onenak arituko dira. Lehen mailako zazpi bikotek eta promozio mailako beste lau bikotek hartuko dute parte.
Lehen mailan ondorengo bikoteek jokatuko dute: Etxeberria-Iraeta, Etxekolonea-Mujika, Iturzaeta-Azpeitia, Iturriaga-Egaña, Kortazar-Eceiza, Iantzi-Etxenike eta Zelaia-Lopez.
Promozio mailan, berriz, ondorengo bikoteek hartuko dute parte txapelketan: Mondragon-Zaldain, Santos-Urriza, Peribañez-Alduntzin eta Rodriguez-Mondragon II.