Bere aldetik, EH Bilduko ordezkari Iraitz Otañoren hitzetan, beti daude akordioetara irekita, “jendearen bizitzak hobetzeko baldin badira. Kasu honetan horrela izan da eta EH Bildutik Udal aurrekontuen inguruko akordioa lortu dugu; beraz, bozketan abstenitu egingo gara. Jendearen bizitzak hobetzeko gaude hemen eta horretarako jarraituko dugu lanean”.
Akordioak sei esparru konkretutan hartutako konpromisoak jasotzen ditu. Lehendabizikoak etxebizitzan du eragina. Etxebizitzaren alokairua ordaintzeko Udalak ematen dituen dirulaguntzen oinarriak aldatzeko konpromisoa hartu da. Izan ere, orain arte dirulaguntza horiek 18 eta 35 adin tarteko gazteei eta zenbait kolektibori zuzenduta daude. Hartutako konpromisoa da dirulaguntzak herritar guztiei zabaltzea, eskatzaileen baldintza ekonomikoak soilik kontuan hartuz.
Floreagako hirugarren fasearen erredakzio proiektua egitea da hartutako beste konpromisoetako bat, aurreko faseei jarraipena eman ahal izateko.
Ingurumenaren esparruan, Ingurumen Udal Kontseilua edo Mahaia sortuko da sinergia berriak garatzeko eta ditugun erronkei aurre egiteko Udalaren eta herritarren artean. Halaber, diru-partida bat sortuko da ibaiaren eta erreken garbiketa lanetarako.
Larrialdi klimatikoaren harira, herrian komunitate energetiko bat sortzeko aukera aztertuko da, herrira egokitutako proiektu bat sortu ahal izateko.
Akordioak bere baitan hartzen duen beste konpromiso garrantzitsua euskarari lotau dago. Udalak euskaraz ikasteko dirulaguntzak %100ean emango ditu, doakotasuna bermatuz.
Azkenik. Memoria Historikoaren partida handituko da ikerketa lan bat egin ahal izateko.