Ondare zinegotzi eta Azkoitiko kronista ofiziala den Juan Bautista Mendizabalek ikerketari ekin zion eta banderaren berri jasotzen zuen dokumentua deskubritu zuen Udal Artxibategian. “Memorial e inventario de los privilegios y escrituras halladas en el concejo de la villa de Azcoitia, así como pesas, medidas y otros objetos” izeneko dokumentazioan jasotzen da, Juan Pérez de Umansoro eskribauaren testigantzaren bidez, Miguel Ybañez de Ynsausti alkate zela. Dokumentua 1519ko urriaren 20koa da.
Jasotako deskribapenaren arabera bandera originala gorria zen. Irakur daiteke: “...bandera, que es de lienzo de bocarán, colorada, con su bordadura...”.
Juan Bautista Mendizabalen hitzetan, “badirudi bandera horren memoria duela urte asko desagertu zela eta haren tokian udal ezkutua zeraman oihal zuria erabili izan dela, ospakizun zibil eta erlijiosoetarako beste hainbat udalek erabiltzen zuten moduan. Aurkikuntza hau berezia da oso, ez delako batere ohikoa banderen horrelako deskribapenak aurkitzea”.
Behin hasierako onarpena emanda, falta den tramitazioari bide emango zaio behin betiko onarpena iritsi arte. Udal Osoaren Ohiko Bilkurara gaia eraman aurretik, Eusko Ikaskuntzak onarpena eman dio, eta hemendik aurrera eman beharreko urratsak ematen jarraituko da. Azken-azkenean Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu beharko du. Behin prozesua amaitutakoan aurkeztuko da jendaurrean Azkoitiko bandera ofiziala.