Eszenatoki hartan, Udalak bi kreditu eskatzea aurreikusi zuen. Lehenengoa iaz eskatu zuen, 1.800.000 eurokoa, eta bigarrena orain, banketxeen eskaintzak aztertu eta udal osoaren ohiko bilkuran onartu ostean.
Kreditu eskaeraren aldeko botoa eman zuten EAJ-PNV, PSE-EE eta Azkoitia Bai alderdiek. EH Bildu abstenitu egin zen atzo.
Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiaren hitzetan, “krediturik gabe ez da posible Floreagako proiektuarekin jarraitzea edota igerilekuen handitzearekin pentsatzen jartzea ere. Proiektu horien alde baldin bagaude, aurrera ateratzeko eman beharreko pausoetan ere alde egon beharko genuke denok”.
Ordenantza Fiskalak
Atzoko udal osoaren bilkurak 2022ko ordenantza fiskalen hasierako onarpena ere eman zuen. Ogasun sailak 2022ko ordenantza fiskalak bere horretan uztea proposatu du, igoerarik gabe. Zertxobait ikutuko dena industriako Ondasun Higiezinen gaineko Zerga izango da. Edonola ere, proposamena erakusketa publikoan jarriko da eta beraz, aldaketak egon daitezke behin betiko onarpenera iritsi bitartean.
Ordenantza fiskalen hasierako onarpena EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien aldeko bozkekin onartu zen. EH Bildu abstenitu egin zen eta Azkoitia Baik kontra bozkatu zuen.
Bozkatutako beste puntu bat Elkargunean eskaintzen diren zerbitzuen izaera publiko ez tributarioko ondare prestazioa arautzen duen ordenantza izan zen, orain arte, Elkarguneko tarifak bezala ezagutzen zena, hain zuzen. Kasu horretan ere, hasierako proposamena da prezioak bere horretan mantentzea. Proposamen hau ere erakusketa publikoan egongo da erreklamazioak edo ekarpenak aurkeztu ahal izateko.
Ordenantza horren hasierako onarpenaren alde bozkatu zuten EAJ-PNV, EH Bildu eta PSE-EE alderdiek. Azkoitia Bai abstenitu egin zen.