Azkoitiko lehen biztanleen bizitokiaren aztarnak herriaren inguruko mendietan aurki ditzakegu. Izarraitzeko dolmenak eta Munoaundiko kastroak horren lekuko dira. Arkeologiaren bitartez ezagutu ditugun aztarna horiek historian 5.000 urte inguru atzera egiteko aukera ematen digute.

Azkoitiari buruz ezagutzen dugun lehen dokumentu idatzia 1186-1189koa da, eta Iruñeko gotzaindegian agertu zen. Agiri horretan, Iraurgi izeneko eskualde bat aipatzen da. Horrekin batera, dokumentu hauetan bi tenplu aipatzen dira: Baldako Andre Maria Parrokia, Azkoitiko herriari sorrera emango ziona, eta Soreasun San Sebastian eliza, Azpeitiaren sorlekua izan zena.

Iraurgi bailara, eliz-administrazio aldetik Iruñako Gotzaindei barnean kokatzen bazen ere, administrazio zibilaren ikuspuntutik Ipuzkoako tenentziaren barnean kokatzen zen, Nafarroako Erresmumako tenentzietako batean hain justu. 
1200. urtean, Nafarroako Erresuma hiribilduen sorrera bultzatzen ari zen garaian, Iraurgi bailara eta Ipuzkoa osoa, Araba eta Durangaldea bezala, Gaztelako erresumaren esku geratu zen.

carta magnaGure hiribildua 1324an sortu zen Bedeaizar muinoan, gaur egun San Martin ermita dagoen inguruan eta San Martin de Iraurgui de Azkoitia izena hartu zuen. 1331n ibaiaren beste aldera lekualdatu zen, haran aldera. Horrela, Miranda de Iraurgi herri zaharra sortu zen gaur egun Plaza Berria dagoen lekuan, antzinako Baldako Andre Maria monasterioaren azpian.

Garai hartan, zailtasun handiak gainditu eta gero, udal-bizitza egituratzen hasi zen. Bandoen arteko borrokak gainditu ostean eta jaunen botereari aurre egin ondoren, azkoitiarrek hiribilduko jurisdikzioa lortu zuten 1413. urtean, eta beren ordenantza ospetsuak idatzi zituzten 1484an.

Hiri Nagusi

Azkoitia Hiri Nagusi izan zen Azpeitia, Tolosa eta Donostiarekin batera. Beste era batera esateko, Aldundiaren txandakako hiria edota korrejidorearen hiria izan zen. XIX. mendera arte, Gipuzkoako txandakako hiriburuetako bat izan zen.

XVI. mendean munduko ekonomiaren gorakada gertatu zen eta gure burdinoletan ekoitzi eta eraldatutako burdina planetako txoko askotara iritsi zen, pentsaezina dirudien lekuetara, askotan. Merkataritza garrantzi handia hartzen hasi zen. Horrez gain, Azkoitiko familia gorenek Gortearen inguruan jardun zuten, edota Ameriketako abentura hasi berriaren itzalean. Nekazaritza munduan ere gertatu zen gorakada atlantikoz bestaldeko produktuen etorrerarekin.

Garapen horrek eragin zuzena izan zuen Azkoitiko herriaren egituran ere. Garai horretakoak dira gure herriko kaleak ardatz diren Parrokia bikaina, udal-bulego berriak eta burgesiaren etxe ederrak.

Azkoitiko Zalduntxoak

Nahiz eta burdinolen krisiagatik edo gerren eta gaixotasunen eraginagatik pobrezia garaiak bizi izan, Azkoitian egoera hari aurre egingo zion taldea sortu zen: Azkoitiko Zalduntxoak. Ameslariak, Euskal Herri modernoaren kontzeptuaren sortzaileak eta kultura eta ekonomiaren esparruan berritzaileak ziren Azkoitiko Zalduntxoak, eta aldaketetan murgilduta zegoen Europan ideia berrien bultzatzaile izan ziren.

1764an, Azkoitian sortu zuten Euskal Herriko Adiskideen Elkartea, zenbait pertsonaiaren ekimenez; besteak beste, Xabier Maria Munibe -Peñafloridako kondea-, Manuel Ignazio Altuna eta Portu, eta Joakin Egia -Narrosko markesa-. Eeta Azkoitia Espainian zein atzerriko herrialdeetan gerora sortu ziren Elkarte Ekonomikoen eredu bilakatu zen.

XIX. mendearen erditik aurrera ekonomia berrindartu egin zen Azkoitian ehungintzari esker. Garai batean esaten zen moduan, gure herrian pertsonak goitik beheraino janzten ziren: goitik, txapel-fabrika zegoelako, eta beheraino, alpargata-lantegia zegoelako.

Industria

XX. mendean, krisiaren eta mendearen lehen erdiko gerraren ostean, siderometalurgia-industriak ezarri ziren Azpeitian eta ondorioz, egitura ekonomikoa eraberritu egin zen. Azken 30 urteetan, demokrazia berreskuratu ondoren, Azkoitiko herriaren egitura eraberritu eta ahalegin handia egin da hirigintza, gizarte eta ekonomia-alorra bultzatzeko.

Gaur egun, Azkoitia udalerri erakargarria da; munduari eta milaka urte dituen Euskal Herriaren historiari begira garatu den herria. Euskal nortasun jatorra bizi eta gozatzeko aukera paregabea ematen duena: euskaraz bizi, gure hizkuntzan alegia; hirigune historikoko bizitza; Insausti Jauregi berrituko tertuliak; Jorge Oteiza pilotalekuek sortzen duten zirrara; Antonio Oteiza fundazioko lanek sorrarazten duten hausnarketa, edo Jose Alberdi eskultore bikainaren lanek sorrarazten dutena... Azkoitia pilotaren, artearen eta kulturaren unibertso txiki egiten dute.

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra