Insausti Jauregia

Jauregi barrokoa, XVIII. mendearen erdialdean eraiki zuten. Mota horretako jauregi bakarra da, ilustrazioko pentsamolde berritzailea zela-eta haren eraikuntza-prozesuan arkitektura tratatu teoriko propio bat garatu baitzen. Peñafloridako konde Xabier Muniberen sortetxea da, Azkoitiko Akademia eta 1764an Euskal Herriko Adiskideen Elkartea sortu zituen gizonaren etxea, hain zuzen ere.

Julio Urkijo Etorbidea, 25
Telefonoa : 943 850 843 (Turismo Bulegoa) - 943 857 170 (Kultur Etxea)

 

Floreaga Dorretxea

Estilo mudejarreko jauregia, 1514an hasi ziren eraikitzen, Pedro Zuazolaren agindupean, familiaren eraikin baten gainean. Karlos V.a enperadorearen idazkari eta diruzaina izan zen Pedro Zuazola, eta jauregia Urola haranean garatu eta Loiola familiarekin estu-estu lotuta dagoen estilo hori ezagutu nahi duen orok bisitatu beharreko eraikina da.Helbidea: Aizkibel 10

Idiakaitz Ederra Dorrea

Parrokiaren eta Idiakez dorrearen aurrean dago. Gipuzkoako mudejar estiloaren erakusgarri bikaina da eta bere fatxadan, Aragoi aldeko eragina duen logia bikoitza ikus daiteke. Maiorazkoa 1619an sortu zuen Domingo Pérez Idiakezkoak, Idiakezko jaunaren seme naturalak.

Helbidea: Kale Nagusia 80

Idiakez Dorretxea (Etxe Beltz)

Erdi Aroko harresi zaharraren babesean eraikia, historiako hainbat gertakarik belztu dute haren itxura. Idiaquez, Olano eta Loiolatarren armarri historikoak ikusten dira etxearen fatxadetan, eta horrek gogorarazten digu, besteak beste, etxea, garai batean, Loiolako Inazio Donearen Etxeko Jaurerriarena izan zela. XIX. mendean, sarri bizi izan zen bertan gorte Karlista, eta, hain justu, etxe horretan ezkondu zen Karlos V.a, lehen erregegaia, Beirako printzesarekin, 1838. urtean

Rekalde Etxea

Gaur egun desagertua dagoen Azpeitia alderako atearen ondoan dago eta bere fatxadan ikus dezakegu orduko atean zegoen Ama Birjinaren irudia. Pakearen Markesekin lotura duen etxea da. Antzinako dorrearen elementu garrantzitsuak ditu eta XVII. mendean eraldatu egin zen.

Helbidea: Kale Nagusia 95

Altzibar Jauregi Etxea

Eraikina, Pedro de Abendañok diseinatutakoa, 1553an eraiki zuten, udal-bulegoak bertan jartzeko. Udaletxea egun dagoen lekura aldatu zutenean, hiri-jauregi bihurtu zen, 1735etik aurrera.

Helbidea: Kale Nagusia 102

 

Balda Dorretxea

XIII. mendean hasi ziren etxea eraikitzen. Etxearen jabeak ganboatarren aldekoak izan ziren eta XV. mendean dorre gotorra bota eta etxe bilakatu zuten. Horrela, gaur egungo duen itxura hartu zuen Balda dorretxeak. Bertan bizi izan zen Marina Likona Balda, Loiolako San Ignazioren ama, jesulagunen konpainiaren sortzailearen ama, alegia. Euskal santu unibertsalari eskainitako kapera txiki bat ere badago etxe horretan.
Erdi Aroko Zubieta eta Markeskua dorretxeak ere hortxe daude, eta plazari sinbolismoa handitzeko, Gernikako arbolaren kimu bat dago bertan landatuta, gure askatasunaren etengabeko lekuko.

Iribe Dorrea

Erdi Aroko dorrea da eta urteen joanean aldaketak jasan ditu, mendeen eskariei egokituz. XVIII. mendetik Palacios eta Yrizar familien jabetzakoa da eta Joaquín de Yrizar jaunak zaharberritu du. Etxe honi lotua daude Aingeru Goardakoaren elizatxo barrokoa eta Egurbideolako burdinolak.

Helbidea: Balda Plaza

Orrialdea 4/4

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra

NIGATIK ZUGATIK 1

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.