Jorge Oteiza pilotalekuak

Azkoitiak, artista unibertsalaren adopzio-herriak, abangoardiako arkitektura-multzo paregabea du. Oteizaren ideiak eta herriko tradizio pilotazalea bateratuz, gune bikain horiek sortu dira. Oteizak berak pentsatutako obra da, eta Carlos Ceballos arkitektoak eta Antton Mendizabal eskultoreak diseinatu dute. Euskal Herriko zazpi lurralde historikoen sinbolo diren zazpi pilotaleku dira, eta pilotan jokatzeko moduen adierazgarri ere bai.

Balda Plaza

XX. mendearen amaieran jarri zen berriro agerian, hirigintza-arrazoiak zirela-eta Erdi Aroko errebaleko eraikuntza txikiak bota zituztenean. Hiru dorretxe ditugu Izarraizko mendigunearen azpian dagoen gune honetan bertan. Plazaren erdian, Jorge Oteizaren "Batarrabi" eskultura ikus daiteke. Oteizak bere arbasoen herriari eskainitako eskultura honen bitartez, mendeetan zehar gaur egungo Azkoitia lortzeko lan egin duten guztiak omentzen dira. Plazako aurrealdea Avilako harresi historikoak eraikitzeko erabili zen harri berarekin eginda dago eta bertan dago Inurriturri iturri barrokoa. 1700 urtean, iturriaren goiko aldean Azkoitiko armarria jarri zen.

Plaza berria

Izen hau du XIX. mendean sortu zelako, Erdi Aroko almendra txiki bat hustu eta bertan zuhaizti erromantiko aitzindari bat eraikitzeko. Plaza Berrian zenbait eraikin berezi ikus ditzakegu; besteak beste, Udaletxe Zaharra. XVI. mendeko eraikina, Aldundiaren eta Korrejidorearen egoitza ere izan zen, eta XVIII. mendean egokitu eta palazio-etxe bihurtu zuten. Plaza Berrian dago garai bateko Txurrukaetxea etxea ere. Etxe hau 1847an handitu zuten itxura erromantikoa emanez

Eliz ataria

Azkoitiko ikono nagusia da. Hiru eraikin historikok osatzen dute eta bertatik, Azkoitiaren sorreraren lekuko izan zen muinoa ikus daiteke eta muinoaren gainean San Martin ermita. Eliz Atarian, 1831 urteko Barriken iturria ere nabarmentzen da.

Ama Birjinaren Jasokundearen Parrokia. 1510ean, Baldako Andre Mariaren parrokia lekualdatu zenean, izendatu zuten parrokia. Euskal estilo gotikoaren adierazgarri da parrokia, eta bere baitan Sevillako eta Madrilgo eskoletako erretaulak, Antxietaren eragina duten eskulturak eta bilduma rokokoak eta neoklasikoak daude. Munduan ezaguna da bertako organo romantiko-sinfonikoa. 1898 urtean, Aristides Cavalle-Collen Parisko lantokitik atera zen azken organoa da hau.

Idiakez dorrea edo Etxe Beltz. Erdi Aroko harresiaren babesean sortu eta historiaren gorabeheren ondorioz belztu zen. Bere etxaurreetan Idiakez, Olano eta Loiola etxe historikoen armarriak ikus daitezke. Besteak beste, San Inazio Loiolakoaren Etxearen Nagusigoaren jabetza adierazten dute armarri horiek. XIX. mendean, maiz egon zen bertan Karlisten gortea eta etxe honetan bertan ezkondu zen 1838an Carlos V.a, erregegaia, Beirako printzesarekin

Herriko enparantza

Hiriaren erdigunea da. XVIII. mendean, harresia desagertu zenean, Portaleburu izena zuen gune hau, herriko bizitzaren erdigune bilakatu zen. 1730 urteaz geroztik, bertan eraiki zen Udaletxea Jose Lizardi arkitektoaren planoei jarraituz, eta horren ataripean, Kontzejupe esku-pilotako bilgune ospetsua da. Mende horren erdialdera, Leturiondo jauregi barroko bikaina eraiki zuten. Bertan, nabaria da Loiolan egiten ari ziren lanen eragina. Herrialdeko pilotaleku zaharrenetakoa ere eraiki zuten herriko enparantzan: Goiko Losa. Gaur egun duen itxura, Merkatuaren eta Eskolen udal-eraikinak egin zituztenean hartu zuen plazak. Manuel Etxabe, Artzain Onaren katedralaren diseinua egin zuen arkitekto ezagunarenak eta Tomas Bilbaorenak dira lan horiek

San Joseren Basilika

Granada de Egako dukeen panteoia. Gregorio Hernándezek egindako Ecce-Homo ikusgarria du eta Palomino de Castro gorteko margolariaren sei koadro. Horrez gain, ikusgarriak ditu erretaula barroko ederra eta garai hartako erreja, Elgoibarko lantegietan egina.

Aingeru Goardakoaren Elizatxoa

Villareal familiak XVIII. mendean eraikia, Aingeru Goardakoari eskainitako erretaula barroko interesgarria du. Yrizar familiaren panteoia da.

 

Landakarandako San Antonioren elizatxoa

XVII. mendean eraikia, 1901ean eraberritu egin zen eta orain gutxi lekuz aldatu. San Antonio Abateari eta Paduakoari eskainia da.

 

San Frantziskoren Elizatxoa edo Bakardadekoa

XVI. mendean sortua izan zen eta hainbat alditan eraldatu eta lekuz aldatu izan da. Elizatxo horretan gurtzen da Ama Doloretakoaren irudia, Azkoitiko Aste Santu ospetsuaren erakusgarri ederrenetakoa.

 

Iraurgiko San Martinen Elizatxoa

Iraurgi bailarako Beidazar gune zaharrean kokatua, Azkoitia sortu zen garaietakoa da. Azkenaldian han egin diren arkeologia-azterketek garbi adierazi dute mendiska hau “sagaratua” dela gutxienez, VII. mendetik, elizatxoan aurkiti duren errausketa-ontziak kontuan izanda. Elizatxoaren tajuketan ageri-agerikoa dira dorrea eta erloju handia, Bilboko Zugasti etxeko erlojugileek egina 1859an eta Kapera, antzina ospital txiki bat hartu zuena. Gaur egun berreskuratu egin da, arkeologia-museo gisa eta eliz-jardueretarako, eta Azkoitiaren historia eta Euskal Herriaren ikusmolde espirituala ederki jasotzen dituen lekua da.

Orrialdea 1/4

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra

Andramaxekluze2020

Webgune honek cookie propioak eta besteenak erabiltzen ditu, nabigazio zerbitzuak hobetzeko asmoz. Nabigatzen jarraitzen baduzu, gure cookieen politika onartzen duzula ulertuko dugu.