Agenda

Udaberriko Musikaldia: METAMORFOSIA. Garikoitz Mendizabal eta German Ormazabal

  • 2021-05-09 18:30

METAMORFOSIA
Txistua eta pianoa

Metamorfosia: jaiotza unetik helduarora ematen den aldaketa. Animalia batzuren garapenean, enbrioi eta heldu-faseen bitartean gertatzen diren aldaketa anatomikoen multzoa .

Animalia askok ez dute jaioberritan helduen itxurarik. Haien enbriotik larba bat eratzen da, eta hau, zenbait fase igaro ondoren, animalia heldu bilakatzen. Metamorfosia oso hedatua dago animalien erreinuan, ornogabeen artean batez ere. Multzo hortakoak dira intsektuak, moluskoak, krustazeoak… Kordatuen artean geneuzkake anfibioak eta arrain hezurdun zenbait. Esaterako, aingirak.

Ez da erabateko metamorfosira iritsiko pianoak eta txistuak ezagutu dutena. Baina bilakera handia izan dute, bakoitzak bere aldetik. Kordatua da pianoa. Teklei loturiko sokek ematen diote noiz “piano” eta noiz “forte” jo ahal izateko aukera. Tekla horien pisuaren handitzeak teknikoki aldaketa ekarri zuen musika-tresnarenzat. Txistuaren ezaugarri teknikoekin gauza beretsua gertatu da… Bilakera horiek ez dira kasualitatez gertatzen ordea. Areto txikietatik areto handiagoetarako jauziak badu zerikusia pianoaren bilakeran; txistuarenean kalerako eta bandarako musika izatetik beste tresna batzurekin jotzeko prestatu nahiak ekarri du bilakaera.

Tradizioa eta sormenaren arteko orekan bizi gara. Bati uko egin gabe besteari ateak zabaltzea da gure asmoa. Eta bien arteko alanbre fin horretatik erori gabe ibiltzen asmatzea, gure helburua.
Andoni Egaña

 

Diska honek txistua eta pianoak izan duten bilakaeraren islada izan nahi du nolabait. Bi musika tresnen arteko metamorfosia. Txistuaren historia luze eta ederrean iristen da une bat tradizioa, dantza eta folkloreak alde batera utzi gabe ganbara musika egiteko asmoa. Eta zorionez txistulariak beti izan ditu ondoan eta gertu musika egileak.

Eta ez edozein!

Organistak, musika bandetako zuzendariak, konpositoreak… punta puntako musikariak idatzi izan dute txisturako: Miguel Glz. Bastida, Jesus Guridi, Pablo Sorozabal, Luis Urteaga, Luis Aranburu, Tomas Garbizu, Eduardo Gorosarri, Jose eta Gabriel Olaizola, Isidro eta Jose Ignazio Ansorena, Ramon Lazkano, e.a.

Ganbara musika egiterako orduan bidaide izan zuen lehen instrumentua ziurrenik pianoa izan zen. Geroago ohitu gara harizko instrumentuekin, akordeoiarekin, organoarekin e.a. entzuten. Eta baita orkestraz lagundua ere.

Horregatik, txistua eta pianorako idatzi izan diren hainbat obra eskeintzen ditugu, Bertako musikarienak eta kanpokoenak. Esaterako eta horren adibide Garikoitz Mendizabali eskeini zaizkion Naji Hakim-en Concierto para txistu y orquesta, Recuerdos del ayer (iraganeko oroitzapenak) David Rivasena eta Rapsodia para txistu y piano Eduardo Morenok idatzia.

Garikoitz German 168 1

 

Powered by iCagenda

© 2019 Azkoitiko Udala. Lege oharra