Azaroaren azken egunean da San Andres eguna eta egun horretan egin ohi da Azkoitian feria eta herri-jaia. Horrela, Andramaixek udako jaiak diren moduan, San Andres egunez Neguko Jaiak izango ditugu.
San Andresetako feriaren jatorria XVIII. mendekoa da. Mende horretan hasi ziren egiten urteko feria hauek Euskal Herriko bazter askotan eta Azkoitikoa zen nagusienetakoa. Hala, 1752an, Udalbatzarrak erabaki zuen San Andres eguna, azaroaren 30a, izendatzea urteko feria egiteko Azkoitian eta, horrela, Urretxun egin ohi denaren aurretik gertatzen da, azken hau Santa Luzia egunez egiten baita.
Gaur egun, feria eguna jai egun bihurtu da. Herri guztia kalera ateratzen da, herri kirolak ikustera, musika entzutera, azokan ibiltzera eta herriko hainbat ikastetxe eta taldek prestatzen dituzten txosnetan eskaintzen diren jaki goxoak dastatzera.