Udalak San Martingo Ondaregunean bisita gidatua antolatu du datorren iganderako, azaroaren 10erako. Turismo eta Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabalek gidatuko du bisita. Hitzordua 12:00etan izango da eta sarrera doan da. Kanpaia jotzeko usadioarekin batera, astelehenean, azaroaren 11n, zabalik egongo da San Martingo Ondaregunea bisitatu nahi duen ororentzat.
San Martingo Ama Birjinak soineko zuri berria luzituko du San Martin jaietan. Yolanda Larrañaga azkoitiar jostunak azken asteak soinekoa egiten eraman ditu eta gaur jantzi du Ama Birjina, soinekoari azken ukituak ematearekin batera. Prest dago auzoko jaietarako. “Artisau lana izan da, oso oso delikatua”, dio jostunak. Izan ere, XVIII. mendeko soineko originalak zituen xehetasun guztiak mantentzen eta zaintzen saiatu da. Urre koloreko hari berezien bila Madrilen ere ibili da Larrañaga.
Mugikorraren, bideojokoen eta sare sozialen inguruan Gazteria saila aurrera eramaten ari den tailerren baitan, bi saio ireki egingo dira azaroan zehar. Hilaren 12an, 17:30ean, Elkargunean mugikortasunaren gehiegizko erabileraren prebentzioa eta kontrolaren inguruko saioa eskainiko da gaztetxo eta helduentzat. Eta azaroaren 19an, ordu eta toki berean, zibersegurtasuna etxean eta zibersegurtasun pertsonala jorratuko dira. Bi saio hauetara interesa duen edonor joan daiteke.
Larunbatean, azaroaren 9an, 11:30ean ipuin kontaketa eskainiko da Aizkibel Liburutegian, Lupe Lekuonarekin: "Animalien Ipuinak". HH5, LH1, LH2 eta LH3ko umeei zuzenduta.
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
22
| ||||||