Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketak baditu saridunak eta hiru irabazleak azkoitiarrak dira gainera. Lehenengo saria Juan Ramon Alberdi Ibarmiak eskuratu du epaimahaiak erabakitakoaren arabera. Bigarren saria Miren Beneitez Sagarzazuk lortu du eta hirugarrena, Marta Alberdi Urteagak.
Guztira 27 lan aurkeztu dira aurtengo ediziora eta hirurek otsailaren 14an jasoko dute saria, egun horretan izango baita sari banaketa ekitaldia udaletxean, arratsaldeko 19.00etan.
"Axkoitti garbixe, etxie bezelaxe" kanpainaren baitan, gaur, urtarrilak 24, kale animazioa izango da herriko kaleetan zehar 18:30etik 20.00etara Intujai Teatro taldearekin. Herriko plaza eta Balda plaza artean eskainiko dute ikuskizuna antzezleek. Helburua da herritarrak kontzientzia hartzea herriko kaleei garbi eustearen garrantziaz espazio publikoak eta zaindu beharrekoak diren heinean.
Udaleko Berdintasun sailak emakumeak ahalduntzeko ikastaro sorta berria abiatu du. Ekainera arte luzatuko diren lau ikastaro antolatu dira. Edizio honetan etxeko konponketen inguruko ikastaroa, zoru pelbikoa indartzeko tailerra, menopausiari lotutako bizipen tailerra eta batukada eskainiko dira.
Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak aurkeztu du ekimena eta bidelagun izan ditu etxeko konponketen inguruko saioak emango dituen Aratz Trecet, zoru pelbikoaren gaineko ikastaroa eskainiko duen Liroa zentroko Josune Milan fisioterapeuta eta Udaleko Berdintasun teknikaria, Begoña Gorostiaga.
Menopausiaren inguruko bizipen tailerra Virginia Belategik zuzenduko du eta batukadaz Ainara Sarasketa eta Arantxa Albizu arduratuko dira.
Turismo eta Ondare zinegotzi Juan Bautista Mendizabal Fitur azokan aurkitzen da egun hauetan Urola Erdiko ordezkaritzarekin batera, Iraurgi Berritzenen eskutik egindako bisitan. Mendizabalek erakusleiho turistiko handienetarikoan “esperientziak partekatzearen” garrantzia nabarmendu du. Halaber, ditugun altxorrak azpimarratu ditu. “Ignaziotar Bidea, esaterako, gure herri erditik igarotzen da eta gero eta protagonismo handiagoa hartzen ari da. Horrek aukera berriak zabaltzen dizkigu herri eta bailara mailan”.
Al | Ar | Az | Og | Or | Lr | Ig |
---|---|---|---|---|---|---|
22
| ||||||