Euskara

Azkoitiko ahotsak (herriko hizkera entzungai interneten)

Euskal Herri osoan 2003tik martxan dagoen Ahotsak egitasmoko partaide da Azkoitia. Deba bailarako Badihardugu Euskara Elkartea da egitarauaren sustatzailea eta helburua da adineko euskaldunak elkarrizketatzea bideoz, herri hizkerak, ohiturak, lehengo bizimodua eta ahozko ondarea jaso eta interneten jartzeko.

Udalak aipatutako elkartearekin lan hori egiteko kontratua sinatu zuen 2008ko maiatzean, ordu arte Azkoitiari buruz jasota zegoen bakarra zen Koldo Zuazoren ikasleek Euskal Filologian egindako grabazio dialektologikoak eta Azkoitiko euskerie liburua.

Bestalde, Azkoitia izaera berezia duen herri euskalduna da. Hizkerari dagokionez, mugako euskalkia dugu. Elosua eta Madariaga auzoetan, adibidez, bizkaierarekin batera bizi gara. Horren ondorioz, hiztun asko eta onak ditugu adinean aurrera doazenak. Altxor horiek gordetzeko grabazioak egiteari ekin genion.

Lanean lehendik eginda zeuden grabazioak jaso, digitalizatu eta datu-basean sartu genituen. Ondoren sexu, auzo, pentsaera, lanbide... ezberdinetako lagunei elkarrizketak egin zitzaien bideoz. Jarraian zinta horiek minutuz minutu gaika laburtu ziren. Gero horietatik pasarterik interesgarrienak transkribatu ziren. Azkenik, bideo-pasarte horiek www.ahotsak.com/azkoitia helbidean zintzilikatu ziren.

Laburbilduta Azkoitiko ahotsak zenbakitan: Hizlariak: 46, zintak: 48, pasarteak: 849, transkribatutakoak: 204, audioak: 27 eta bideoak: 326.

Bada zerbait Azkoitiko hizkera eta lehengo kontuen berri izan nahi duenarentzat.

Eskertuko genuke norbaitek etxean kasetean, kamerarekin, bideorekin,... grabaziorik izango balu, euskara zerbitzura ekartzea interneten jartzeko orain arte egindakoarekin batera ahozko testigantzak handitzen joateko.

 


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut