Azkoitiko ikono nagusia da. Hiru eraikin historikok osatzen dute eta bertatik, Azkoitiaren sorreraren lekuko izan zen muinoa ikus daiteke eta muinoaren gainean San Martin ermita. Eliz Atarian, 1831 urteko Barriken iturria ere nabarmentzen da.
Ama Birjinaren Jasokundearen Parrokia. 1510ean, Baldako Andre Mariaren parrokia lekualdatu zenean, izendatu zuten parrokia. Euskal estilo gotikoaren adierazgarri da parrokia, eta bere baitan Sevillako eta Madrilgo eskoletako erretaulak, Antxietaren eragina duten eskulturak eta bilduma rokokoak eta neoklasikoak daude. Munduan ezaguna da bertako organo romantiko-sinfonikoa. 1898 urtean, Aristides Cavalle-Collen Parisko lantokitik atera zen azken organoa da hau.
Idiakez dorrea edo Etxe Beltz. Erdi Aroko harresiaren babesean sortu eta historiaren gorabeheren ondorioz belztu zen. Bere etxaurreetan Idiakez, Olano eta Loiola etxe historikoen armarriak ikus daitezke. Besteak beste, San Inazio Loiolakoaren Etxearen Nagusigoaren jabetza adierazten dute armarri horiek. XIX. mendean, maiz egon zen bertan Karlisten gortea eta etxe honetan bertan ezkondu zen 1838an Carlos V.a, erregegaia, Beirako printzesarekin