Festak

· Martxoak 1: Aingeru Goardakoaren eguna, Baztarrikaldeko festak. 
· Martxoak 3: Emeterio eta Zeledonio santuen eguna, Arrieta Mendi-Martirietako festak. 
· Maiatzeko lehen igandea: Kakuteko (Izarraitz) Gurutzearen festa. 
· Maiatzak 1: Floreagako festak. 
· Maiatzak 3: Santa Kutzeko festak. 
· Maiatzak 15: San Isidro eguna, Izarraitz-Madariagako festak. 
· Maiatza-Ekaina: Pentekostes, Martirietan erromeria. 
· Korputzeko zortziurrena: Elosuko festak. 
· Uztaileko bigarren igandea: Urrategiko Amaren eguna, festak Ormola-Mendin. 
· Abuztuak 28: San Agustin, Aizpurutxon festak. 
· Urriak 12: Pilareko Ama Birjina, Elosun feria. 
· Azaroak 11: Tours-eko San Martin, San Martinen festak.

Azkoitiko Aste Santua lasaitasunaz gozatzeko eta hausnarketa egiteko unea da baina, aldi berean, herriko folklore aberatsa ikusteko aukera ezin hobea ere bai, prozesioetan egiten diren erritoen bidez.

XVI. mendetik antzesten zen, Ostiral Santu egunez, Gurutzetik Jaistea, eta ekitaldi xume horretatik sortu zen prozesioen ohitura sendoa. Hauek XVIII. mendetik aurrera hartu zuten indar berezia, tradizio barrokoari esker.

Gaur egun egin ohi diren ekitaldien artean, Asteazken eta Ostiral Santukoak aipa ditzakegu. Asteazkenean Parrokiara ekarri ohi dira Azkoitiko Eliza eta Elizatxoetan barreiatuta dauden irudi eta eskulturak. Ostiral arratsaldez aterako dira prozesioan, aingerutxo, goi-aingeru eta penitente txikiak inguruan dituztela. Ilunabarrean Hilobiratze Santuaren prozesioa egin ohi da. Kristoren hilkutxak, Ama Doloretakoak, Chopin-en hileta-martxaren doinuak eta “armatuen” kolpe zirraragarriek, herritarrak isiltasunean, eskuetan kandelak hartuta, lagun dituztela, ikusgarritasun bizi eta hunkigarria osatzen dute. Ikustea eta bizitzea merezi duen ikuskizuna, inolaz ere.

Azken urteotan ahalegin handia egin da inauteri jaiak berriro indartzeko, heldu eta haurrei kolore eta poz-unea emateko.

Jai hauetan “Ostiral argal”a oso polita izan ohi da, herriko ikastetxe eta eskoletako haur eta umeek desfile koloretsu eta alaia egiten baitute. Neska eta mutikotxoak hor agertuko zaizkigu printzesa, iratxo, zaldimutil, superheroi, zingaro eta beste hamaika jazkiz mozorrotuak eraldatuak. Inauteri larunbata, berriz, helduentzat da bereziki, eta nahi izanez gero, mozorro-lehiaketan parte hartzeko aukera du nahi duenak. 

Azaroaren azken egunean da San Andres eguna eta egun horretan egin ohi da Azkoitian feria eta herri-jaia. Horrela, Andramaixek udako jaiak diren moduan, San Andres egunez Neguko Jaiak izango ditugu.

San Andresetako feriaren jatorria XVIII. mendekoa da. Mende horretan hasi ziren egiten urteko feria hauek Euskal Herriko bazter askotan eta Azkoitikoa zen nagusienetakoa. Hala, 1752an, Udalbatzarrak erabaki zuen San Andres eguna, azaroaren 30a, izendatzea urteko feria egiteko Azkoitian eta, horrela, Urretxun egin ohi denaren aurretik gertatzen da, azken hau Santa Luzia egunez egiten baita.

Gaur egun, feria eguna jai egun bihurtu da. Herri guztia kalera ateratzen da, herri kirolak ikustera, musika entzutera, azokan ibiltzera eta herriko hainbat ikastetxe eta taldek prestatzen dituzten txosnetan eskaintzen diren jaki goxoak dastatzera.