IMG 9540

Euskararen arnasgune bilakatu zen atzo arratsaldean Udaletxeko batzar aretoa, Udalak eta Aek-k sustatuta, Mintzalagun programako euskaldun zaharrei egindako omenaldi ekitaldian.

Bidelagun eta bidelariekin, alegia, euskaldun zahar eta berriekin, goraino bete zen aretoa eta malko, irribarre, bertso eta esker oneko hitzak izan ziren nagusi. Udal eta AEK-ko ordezkariak presente zirela, 19 bidelagunek diploma eta oroigarri bana jaso zuten euskaldun berrien eskutik, Marijose Aregi euskara zinegotziak zuzendutako ekitaldian. Guztira, Mintzalagun egitasmoaren zortzigarren urtean, 27 dira omendutako bidelagunak baina denek ez zuten ekitaldira joaterik izan.

Javier Zubizarreta alkateak mintzalagunen konpromisoa txalotu eta egiten duten ekarpena eskertu zizkien. “Herritarroz harro egoteko beste arrazoi bat ematen didazue” esan zien. “Jakizue –gaineratu zuen- euskarari esker, euskaldun berriok mundu berri bat ezagutuko duzuela eta mundu horretako ateak zabaltzen ari zaizkizuela. Zabaldu besoak eta murgildu zaitezte. Modu asko daude komunikatzeko baina euskaraz esaten denak hurbildu egiten gaitu, batu egiten gaitu”.

IMG 9520

 

Euskaldun berrien artean hitza hartzen lehenak Delia Santamaria eta Juanma Navarro izan ziren. “Gogoan dut –esan zuen Navarrok- euskaraz ez nekien garaian “belarrimotza!” esaten zidatela. Ez dakit esaten zuenak belarri luzeak ote zituen, baina astoa galanta bera. Ez ninduen euskara ikastera gehiegi animatu. Baina bertatik bertara, aurrez aurre, muturren parean galtzen nuenaz ohartuta, euskara ikasten hasi nintzen”. Elkarrekin igarotako orduak “aditza menperatzeko baino gehiagorako balio izan digu”, gaineratu zuen.

IKUSI EKITALDIKO ARGAZKI GUZTIAK

Bere aldetik Delia Santamariak jada gure artean ez dagoen Juan Karlos Merino bidelaguna ekarri zuen gogora eskertuz “euskara guztion hizkuntza dela erakusteagatik”.

Euskaldun zaharren, bidelagunen, ordezkari gisa, Juan Ramon Alberdik eta Yolanda Larrañagak Mintzalagun programari esker bizi duten esperientzia goraipatu zuten. Larrañagak egitasmoaren jatorria ere azaldu zuen. “Duela 25 bat urte edo, Alemaniara joan nintzen alemana ikastera eta Tandem izeneko eskolan sekulako zortea izan nuen zeren beste lagun batekin erdia gazteleraz eta erdia alemanez hitz egiten nuen. Nik orduan alemanez eta gazteleraz ikasi nuen. Esperientzia hura bizi eta gero, ikusi nuen zer nolako mesedea egiten zitzaion hizkuntzari eta Euskara zinegotzi nengoenean, euskara teknikariarekin batera, ideiari bueltak ematen hasi ginen. Herri ezberdinetako eredua ikusi eta Mintzalagun programa jartzea erabaki behar. Beti pentsatu izan dut Txinan edo Japonian jaio izan banintz, begi txikiagoak edo handiagoak, zuria edo beltza izango nintzela baina euskara gabe ezingo nukeela nik bizi, beraz zabaldu dezagun euskara”. Bertsotan eman zien amaiera bere hitzei Larrañagak.

Juan Ramon Alberdik esan zuenez gustura dagoelako jarraitzen du Mintzalagun programan. “Astean ordubete elkartzen gara eta jada lagun minak egin gara, gauza askotaz hitz egiten dugu, gauza pertsonaletaz askotan eta garrantzitsuena da euskaraz egiten dugula. Euskarara hurbiltze horretan laguntzea gauza polita da”

 Euskaldun berriek zaharrei eskerrak emateko egindako bideoa. 

Mintzalagun egitasmoaren baitan emandako pasadizoak ere ezin ahaztu. “Gure taldean –kontatu zuen Larrañagak- “buenos días” esatetik dena euskaraz hitz egitera pasa gara eta gauza bitxi asko gertatu zaizkigu. Aurreko batean “fuegue” entzun nion bati. Mesedez nola esango duzu “fuegue” esan nion. Eta berak, “zuek zeate earrak, nahi dezutenin frigorifikue, telebisiyue, sillie… eta gero ezin esan fuegue…”

Euskara ahotan, familia-argazkiarekin eman zitzaion amaiera ekitaldiari, euskararen aldeko konpromisoa berretsiz. Aurtengo ikasturtean, 39 lagunez osaturiko 10 taldek parte hartu dute. Egitasmoa abiatu zenetik 70 bat lagun ibili dira.

IMG 9369

IMG 9379

IMG 9351

IMG 9492


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut