Bost minutuko isilunearekin ospatu du Udalak Memoriaren Eguna. Aurreko urteetan bezala, Intsausti Jauregi aurreko “Oroimenean” eskultura ondoan kontzentrazioa egin dute udal ordezkariek eta bertaratu diren herritarrek. Ondoren, Javier Zubizarreta alkateak lore eskaintza egin du eskultura aurrean, herriko biktima guztiak oroituz.

Izarraitz Lanbide Heziketak bere formakuntza eskaintza zabalduko du langabezian dauden pertsonei zuzendutako ikastaro sortarekin. Lanbidek finantzatutako ikastaroak dira. “Lanik gabe dauden emakumezko eta gizonezkoentzat aukera bat da eta hau guztia lortu dugu Udalen, Iraurgi Berritzenen eta kontratatzeko konpromisoa hartu duten bailarako enpresen laguntzari esker”, dio zentroko zuzendari Eduardo Sudupek.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari eskatu zitzaion langabetuentzat ikastaroak jartzea eta aurrerantzean ere bide beretik jarraituko da, izan ere, formakuntza da laneratzeko biderik azkarrena.

Gobernuz kanpoko zortzi erakundek hartuko dute parte aurtengo Garapenean Bidelagun ekimenean. Aurten ahalegin berezia egin da egitaraua antolatzerakoan Nekane Larrañaga Gizarte Ongizateko zinegotziaren esanetan. Besteak beste, aurreko urteetan bezala azoka solidarioa egingo da azaroaren 25ean Herriko Plazan, baina horretaz gain datozen bi asteetan, ostegunetan, pintxo-pote garaian, kale-antzerkiaz gozatzeko aukera izango da. Ikusi egitaraua hemen

Hilaren 15ean, “Larrialditan” kale antzerkia eskainiko da eta 22an, “Welcome!” poesia bisuala oinarri duen lan ibiltaria. Halaber, Baztartxo Antzokian kale antzerkiaren izenburu bera daraman “Welcome” filma botako dute, kurdu iraniar gazte batek Ingalaterra iristeko pasa behar dituen kalamitateen inguruko pelikula. Azaroaren 18an eta 19an izango da ikusteko aukera.

Adinduen Astea ospatuko da San Jose Egoitzan azaroaren 13tik 18ra bitartean. Pertsona nagusiek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzea du helburu, euren esperientzia, baloreak eta ematen duten eredua aintzakotzat hartuz. Adinduen Astearen edizio berri honek hori guztia omendu nahi du.

Aurtengo nobedadeetako bat da Boluntarioen Eguna antolatu dutela. Bertakoei laguntzera eta konpainia egitera gerturatzen diren boluntarioak egoiliarrekin afaltzera joango dira larunbat gauean. Baina aste osoan izango dituzte bisitak. Floreaga ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Azkoitia BHI-ko ikasleak ere gerturatuko dira San Jose egoitzara errutina hautsi eta konpainia egiteko.

Igande honetan, azaroak 11, San Martin eguna ospatuko da. Usadioari jarraituz, kanpai hotsa entzungo da egun osoan zehar. 12:00etan meza izango da eta eguna ospatzeko, bertako Ondaregunean edo arkeologia museoan bisita gidatuak eskainiko dira eguerdiko 13:00ean eta arratsaldeko 17:00etan, Juan Bautista Mendizabalen gidaritzapean. Bestela ere, gunea bisitatu nahi dutenentzat zabalik egongo da egunean zehar 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.

Atzo ekin zion Udane Juaristik lanari. Berdura Plazan horma-irudi bat margotzen ari da eta ostiralerako bukatuta izango duelakoan dago. Baserritarra eta emakuma. Horixe da omendu nahi izan duena. “Beti bigarren maila batean egon da emakumea eta isilpeko lan hori azaldu nahi dut”, dio.

Kanpoan ibili da azkenaldian Juaristi horma-irudiak egiten eta “herrian bertan bat egiteko gogoa nuen. Udalari proposatu nion eta Berdura Plazako horma eskaini zidaten. Ideia polita iruditu zitzaidan tokiari bizia emateko zeren gustatzen zaidana da ideia bertako egitea, irudia tokiarekin erlazionatzea”.

Larunbatean, azaroak 10, Oroimenaren Eguna ospatzeko Udalak bost minutuko elkarretaratze isilean parte hartzeko deialdia luzatu nahi die herritarrei ekimenarekin bat egitera gonbidatuz.

Ekitaldia Intsausti Jauregi aurreko lorategian izango da, 2007ko martxoan inauguratu zen “Oroimenean” eskulturaren ondoan, hain justu, eguerdiko 12:00etan.

Bost minutuko isilunearen ostean, “Oroimenean” eskulturari lore eskaintza egingo zaio herriko biktima guztien memorian. 

 

Emakunderen berdintasun gune ibiltariak zabalduko du Udaleko Berdintasun sailak azaroaren 25aren bueltan antolaturiko egitaraua. “Berdintasuna ikasi egiten da. Irakatsi berdintasuna” lelopean, Emakundek “Berdintasunerako Gunea”ren baitan eskaintzen du gune edo autobus ibiltaria eta Azkoitian izango da bihar eta etzi, azaroaren 7an eta 8an, hain zuzen. Parrokia aurrean egongo da eta ikasleak bertaratuko dira hezkidetza inguruan hausnartzera.

Hurrengo hitzordua “Kabi biluziak” dokumentalaren proiekzioarekin dator. Hilaren 19an izango da emanaldia Elkargunean 17:00etan. Virginia Senoslainen eta Juan Luis Napalen zuzendaritzapean, filmak indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen errealitate tristea erakusten du. Emakume horien eta tratu txarren aurkako borrokan adituak direnen testigantzak jasotzen ditu dokumentalak.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25