Udal Musika Bandak Teodoro Ruiz omendu du, musikariak aurten 50 urte bete dituelako bandako kide gisa eta Udala batu da omenaldira. Musikariek sorpresa eman nahi izan diote eguerdian Kontzejupean emandako kontzertu amaieran. Taldeak Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna ospatzeko eskaini du emanaldia eta une hori aprobetxatu nahi izan du Teodoro Ruizen ibilbidea txalotzeko.

Datorren astelehenean, azaroaren 19an, hasiko dira Balda kaleko lanak bertako irisgarritasun arazoei konponbidea emateko. Aurreikuspenen arabera, pare bat hilabete iraungo dute obrek. Justu aste honetan bertan bildu da Hirigintza zinegotzi Miguel Angel Bastida bizilagunekin esku-hartzearen inguruko azalpenak emateko.

Gaur egun dauden oztopo arkitektonikoak kentzea da helburua eta errepidearen eta espaloien arteko kotak berdintzea Balda kaleko 14 eta 19 zenbakien artean. Orain eskailerak daude igogailua eta errepidea lotzen dituen pasagunean. Eskailerak desagertuko dira eta arranpa jarriko da.

Javier Zubizarreta alkateak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria hartu zuen atzo udaletxean. Bileran Zupiriaren sailari dagozkion lan esparruen baitako hainbat gai izan zituzten hizpide.

Besteak beste, Munoandi Burdin Aroko herri harresituaren musealizazio proiektuaren bideragarritasuna edota euskarazko komunikabideen finantzazioa jorratu zituzten. Halaber, tartea izan zuten Azkoitiko kaleetan euskararen presentziak izan duen igoera nabarmentzeko edo Euskaraldiak hizkuntz ohituretan eta hiztunon sentsibilizazioan izan dezakeen eraginaz hitz egiteko

Udalak Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko egin den alternatiben azterketa aurkeztuko du publikoki. Aurkezpena Elkargunean izango da datorren asteartean, azaroaren 20an, arratsaldeko 19:00etan. Irekia da eta Floreagako bizilagunek eta interesa duten gainerako herritarrek har dezakete parte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, azaroaren 20ko data baliatuz, Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Eskubideen Eguna alegia, sentsibilizazio-kanpaina bat sortu du lurraldeko haur, nerabe eta gazteei beren zibereskubide eta ziberbetebeharrez ohartarazteko.

Kanpainak bi helburu nagusi ditu: batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa (arrisku-egoerei eta norberak dituen eskubide eta betebeharrei buruz), eta bestetik, gazteak ahalduntzea, Sarea ondo erabil dezaten laguntzea.

Gazteria zerbitzuak Gabon Parkeko begirale lan poltsan izena emateko epea zabaldu du. Horretarako epea azaroaren 27ra arte luzatuko da. Izena Elkargunean dagoen Azkoitiko Gazte Zerbitzuan eman beharko da astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara.

Azkoitia Lagunkoiak KZguneak antolaturiko oinarrizko internet ikastaroan parte hartzera animatzen ditu pertsona nagusiak, aktibotasuna sustatzeko xedez. Azkoitia Lagunkoia ekimenaren helburua da garapenerako aukerak eskaintzea, bizitzeko modu osasungarriak, sozialak eta parte-hartzaileak sustatuz. Iaz ere antolatu ziren antzeko ikastaroak eta arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute KZgunearekin elkarlanean.

Larunbat honetan, azaroaren 17an, “Erlauntza” antzezlana taularatuko dute Baztartxo Antzokian. Emanaldia 19:30ean izango da. Vaivén Produccionesek “malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten diren komedia mikatza” egin du oraingoan Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Testua, berriz, Kepa Errastirena da.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25