Landa auzo eta baserri bideetan elur kentze zerbitzua emateko auzolanean parte hartu nahi dutenek abenduaren 1era arte dute epea, zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren arabera. Azaroaren 16an argitaratu zen iragarkia eta hamabost egun naturaleko epea emango da izena emateko.

Ikusi iragarkia.

Adinduen Asteari amaiera emateko Sendiaren Eguna ospatu dute gaur San Jose egoitzan. Egoiliarren familien eta udal ordezkarien bisita izan dute. Javier Zubizarreta alkatea eta Ana Azkoitia eta Janire Igoa zinegotziak bertaratu dira udaletxetik eta baita Iñaki Lasa Gizarte Ongizateko teknikari arduraduna ere.

Musu bat, besarkada bat edo laguntza behar duenari ahal dugunok ematen saiatu behar dugula esan du Javier Zubizarreta alkateak, hori ez dagoelako kontu korronte batean, borontatean baizik.

Udal Musika Bandak Teodoro Ruiz omendu du, musikariak aurten 50 urte bete dituelako bandako kide gisa eta Udala batu da omenaldira. Musikariek sorpresa eman nahi izan diote eguerdian Kontzejupean emandako kontzertu amaieran. Taldeak Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna ospatzeko eskaini du emanaldia eta une hori aprobetxatu nahi izan du Teodoro Ruizen ibilbidea txalotzeko.

Datorren astelehenean, azaroaren 19an, hasiko dira Balda kaleko lanak bertako irisgarritasun arazoei konponbidea emateko. Aurreikuspenen arabera, pare bat hilabete iraungo dute obrek. Justu aste honetan bertan bildu da Hirigintza zinegotzi Miguel Angel Bastida bizilagunekin esku-hartzearen inguruko azalpenak emateko.

Gaur egun dauden oztopo arkitektonikoak kentzea da helburua eta errepidearen eta espaloien arteko kotak berdintzea Balda kaleko 14 eta 19 zenbakien artean. Orain eskailerak daude igogailua eta errepidea lotzen dituen pasagunean. Eskailerak desagertuko dira eta arranpa jarriko da.

Javier Zubizarreta alkateak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria hartu zuen atzo udaletxean. Bileran Zupiriaren sailari dagozkion lan esparruen baitako hainbat gai izan zituzten hizpide.

Besteak beste, Munoandi Burdin Aroko herri harresituaren musealizazio proiektuaren bideragarritasuna edota euskarazko komunikabideen finantzazioa jorratu zituzten. Halaber, tartea izan zuten Azkoitiko kaleetan euskararen presentziak izan duen igoera nabarmentzeko edo Euskaraldiak hizkuntz ohituretan eta hiztunon sentsibilizazioan izan dezakeen eraginaz hitz egiteko

Udalak Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko egin den alternatiben azterketa aurkeztuko du publikoki. Aurkezpena Elkargunean izango da datorren asteartean, azaroaren 20an, arratsaldeko 19:00etan. Irekia da eta Floreagako bizilagunek eta interesa duten gainerako herritarrek har dezakete parte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, azaroaren 20ko data baliatuz, Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Eskubideen Eguna alegia, sentsibilizazio-kanpaina bat sortu du lurraldeko haur, nerabe eta gazteei beren zibereskubide eta ziberbetebeharrez ohartarazteko.

Kanpainak bi helburu nagusi ditu: batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa (arrisku-egoerei eta norberak dituen eskubide eta betebeharrei buruz), eta bestetik, gazteak ahalduntzea, Sarea ondo erabil dezaten laguntzea.

Gazteria zerbitzuak Gabon Parkeko begirale lan poltsan izena emateko epea zabaldu du. Horretarako epea azaroaren 27ra arte luzatuko da. Izena Elkargunean dagoen Azkoitiko Gazte Zerbitzuan eman beharko da astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25