Javier Zubizarreta alkateak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria hartu zuen atzo udaletxean. Bileran Zupiriaren sailari dagozkion lan esparruen baitako hainbat gai izan zituzten hizpide.

Besteak beste, Munoandi Burdin Aroko herri harresituaren musealizazio proiektuaren bideragarritasuna edota euskarazko komunikabideen finantzazioa jorratu zituzten. Halaber, tartea izan zuten Azkoitiko kaleetan euskararen presentziak izan duen igoera nabarmentzeko edo Euskaraldiak hizkuntz ohituretan eta hiztunon sentsibilizazioan izan dezakeen eraginaz hitz egiteko

Udalak Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko egin den alternatiben azterketa aurkeztuko du publikoki. Aurkezpena Elkargunean izango da datorren asteartean, azaroaren 20an, arratsaldeko 19:00etan. Irekia da eta Floreagako bizilagunek eta interesa duten gainerako herritarrek har dezakete parte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak, azaroaren 20ko data baliatuz, Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Eskubideen Eguna alegia, sentsibilizazio-kanpaina bat sortu du lurraldeko haur, nerabe eta gazteei beren zibereskubide eta ziberbetebeharrez ohartarazteko.

Kanpainak bi helburu nagusi ditu: batetik, prebentzioa eta sentsibilizazioa (arrisku-egoerei eta norberak dituen eskubide eta betebeharrei buruz), eta bestetik, gazteak ahalduntzea, Sarea ondo erabil dezaten laguntzea.

Gazteria zerbitzuak Gabon Parkeko begirale lan poltsan izena emateko epea zabaldu du. Horretarako epea azaroaren 27ra arte luzatuko da. Izena Elkargunean dagoen Azkoitiko Gazte Zerbitzuan eman beharko da astelehenetik ostiralera 16:30etik 20:00etara.

Azkoitia Lagunkoiak KZguneak antolaturiko oinarrizko internet ikastaroan parte hartzera animatzen ditu pertsona nagusiak, aktibotasuna sustatzeko xedez. Azkoitia Lagunkoia ekimenaren helburua da garapenerako aukerak eskaintzea, bizitzeko modu osasungarriak, sozialak eta parte-hartzaileak sustatuz. Iaz ere antolatu ziren antzeko ikastaroak eta arrakasta ikusita, aurten errepikatzea erabaki dute KZgunearekin elkarlanean.

Larunbat honetan, azaroaren 17an, “Erlauntza” antzezlana taularatuko dute Baztartxo Antzokian. Emanaldia 19:30ean izango da. Vaivén Produccionesek “malkoak eta irriak baimenik gabe nahasten diren komedia mikatza” egin du oraingoan Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean. Testua, berriz, Kepa Errastirena da.

Jakina denez, Euskaraldian parte hartu nahi duten guztiek, aurrez izena emateaz gain, txapa identifikagarri bat jaso beharko dute eta Euskaraldiak irauten duen 11 egunetan soinean eraman. Txapak azaroaren 19an, 20an, 21ean eta 22an jaso ahalko dira Torrezuri aretoan 12:00etatik 13:00era eta 17:30etik 19:30era bitartean.

Txapak banatzeaz Euskara Mahaia arduratuko da. Bakoitzak bere rolaren araberako txapa eramango du, alegia, Ahobizirena edo Belarriprestena.

Gaur aurkeztu du Gontzal Mendibilek Bilbon “Gau Magikoa, Kai, Mai, Koa”, umeei zuzenduriko ikuskizun musikala eta aurkezpenean izan da Sonia Vazquez kultura zinegotzia, Gabonetan Azkoitira ekarriko baita Zeanuriko musikariak sortu duen lan hau. Arriaga Antzokian estreinatuko dute ikuskizuna eta Gipuzkoan bi tokitan taularatuko dute, Donostian eta Azkoitian, alegia.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22