Azkoitiko Hizkuntza Eskolak bertako ikastaro eskaintza areagotuko du datorren ikasturtean, 2019-2020an, hain zuzen. Eskolak ateak zabaldu zituenetik eskaintza zabaltzen joan da eta gaur egun ingelesa, alemana eta frantsesa irakasten dira. Urritik aurrera, euskara gehituko zaie aipatu hizkuntzei. Halaber, hizkuntza bakoitzean maila berriak gehituko dira.

Iraurgi Berritzenek koordinatzen duen Elkarrekin Eraikitzen egitasmoaren VI. edizioa aurkeztu da gaur. Aurten bailarako bost ikastetxetako 180 ikasle inguruk hartu dute parte, sektore ezberdinetako beste 40 eragilerekin eta erakundeekin batera. Ikaslea ardatz hartuta, egitasmoari esker, irakaslegoak metodologia berritzaileak aplikatzeko aukera du, ikasleek bailarako errealitate sozio-ekonomikoan eta lan munduan murgiltzen diren bitartean. Hezkuntza egitasmo honen baitan, ikastetxeetako ikasleek taldeka proiektu ezberdinak lantzen dituzte kasu errealetatik abiatuta.

Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketaren finalerdietako partidak ostiral honetan, ekainaren 21ean, jokatuko dira Azpeitiko Izarraitz Pilotalekuan. Udalak Azpeititik joan-etorria egiteko doako autobus zerbitzua jarriko du. Autobusa ostiralean Aizkibel Liburutegi aurreko geralekutik aterako da. Lehenengo irteera 21.00etan egingo du autobusak eta bigarrena, 21:30ean. Autobusa erabili nahi duenak liburutegi parera azaldu beharko du aipatu orduan. Ez da aurrez izena eman behar. 

HH3 eta LH6 adin tartekoei zuzendutako Uztaila Jolasean udaleku programa martxan jartzeko dena prest dago eta ostiral honetan, ekainaren 21ean, bilera irekia egingo da, bereziki lehenengo aldiz parte hartuko duten haurren gurasoei zuzenduta. Bertan,  aurtengo ekintzen egitaraua ezagutarazteaz gain, programaren inguruko xehetasunak emango dira eta aita-amek dituzten zalantzak argitzeko aprobetxatuko da. Aipatu bilera irekia ekainaren 21ean, arratsaldeko 18:00etan, Elkargunean egingo da.

Kursaal Eskura egitasmoaren baitan, Kursaal Eszenak Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udalekin bat eginda, antolatzen dituen kontzertu eta ikuskizunak eskura jartze aldera, doako autobus zerbitzua eskaintzen du Donostiatik joan-etorria egiteko. Martxoan Gustav Mahler Jugendorchester orkestrak eskainitako kontzertura joateko aukera izan zen bezala, orain, Kursaal Eszenak ekainaren 29rako luzatu du proposamena. Egun horretan autobusa jarriko da Azkoititik Jose Maria Usandizaga konpositorearen “Mendi mendiyan” operaz gozatzeko.

Abian da Andramaixetako IX. Laburmetrai Lehiaketa eta parte hartu nahi duten taldeentzat zabalik egongo da izen-ematea gaurtik uztailaren 5era bitartean. Aurten “Beldurra” izango da gai nagusia eta beldurrarekin loturikoak izan beharko dute laburmetraiak. Bestalde, filmen luzera aldatu da oinarrietan. Aurreko urteetan gehienez 4-10 minutukoak izatea eskatzen zen eta aurten 12 minutura igo dute luzera. Gehienez, beraz, 12 minutukoak izango dira lanak. Gutxiengo denborarik, berriz, ez da zehazten.

Tags:

 “Umiltasunez hartzen dut ardura. Eta harrotasunez, Azkoitiko herriaren ordezkari izatearen ohorea eta pribilegioa”, esan du Javier Zubizarretak inbestidura ekitaldian. Hamarretan puntuan ekin zaio udalbatzaren ez ohiko bilkurari udal berria erantzeko maiatzaren 26ko hauteskundeak eta gero.

Javier Zubizarretak errepikatu egingo du alkate karguan. EAJ/PNV alderdiaren botoak jaso ditu. Idatziz egin da bozketa eta Javier Zubizarretak zortzi bozka jaso ditu, Ainara Goenagak zazpi, abstentzio bat egon da eta boto zuri bat.

Iraurgi Berritzenen eskutik, III. Zientzia eta Teknologia Azoka egin da gaur Azkoitian, ikasturtean zehar bailarako ikastetxeetan landutako proiektuak erakusgai jarriz. Mari Jose Arregi zinegotziak azaldu bezala, “ekimena hutsune bati erantzun nahian sortu zen. Ikastetxe, eragile eta erakundeok ikusten genuelako eskualdean zientzia eta teknologia esparruetan zerbait egin beharra zegoela etorkizuneko beharrei eta etorkizunean enpresek beharko dituzten profilei erantzuteko”. Horren aurrean, Arregik esan du elkarlanari ekin, eta gaiari heltzea lortu dela.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22