Uda osteko lehenengo bilera atzo egin zuen Azkoitia Lagunkoiak, urteko lan eta ekintzen plangintzarekin hasteko asmoz. Bilerak irekiak dira eta nahi duen orok har dezake parte. Atzokoan ere izan ziren lehendabizikoz parte hartzen zuten lagunak. Kalitatezko zahartzaroaren alde lanean.

Ezagutu Azkoitiko Altxorrak egitarauaren baitan, Udalak antolaturiko bisita gidatuetan 280 lagun inguruk hartu dute parte. Talderik jendetsuena irailaren 8an bildu zen Azkoitiko gune historikoa ezagutzeko, berrogeitaka lagun elkartuz. Arrakastatsua izan zen Santa Klara komentuan eginiko bisita ere. Orokorrean oso harrera ona izan dute bisita gidatuek, batez beste 27 bat laguneko taldeak osatuz aldiro.

Larunbat honetan, irailak 21, Azkoitiko Baztartxo Antzokian egingo da Gipuzkoako Igeriketa Federazioak antolatutako 2018-2019 denboraldiko igeriketako kirol gala. Bertan, pasa den denboraldiko kirol emaitza hoberenak sarituko dira, igeriketan, igeriketa artistikoan, waterpoloan eta zeharkaldietan egindako markarik onenak, alegia. Horretaz gain, sari bereziak ere izango dira.

Eskualdeko datuak ere eman ditu Iraurgi Berritzenek. Uztailak 1etik abuztuak 31 arte, Loiolan kokaturiko bailarako Turismo Bulegoan 7.968 turista artatu dira. Horietatik 4.530 dira espainiar estatutik etorritakoak, 2.490 atzerritik eta 948 Euskal Herritik. Iazko datuak berdindu dira.

Espainiar estatuan, Madriletik etorritakoena da multzo nagusia. Atzerritarrei erreparatuz gero, berriz,  Frantzia, Estatu Batuak,  Belgika, Holanda eta Alemania dira turisten jatorrizko herrialdeak, hurrenez hurren. 

Ezohiko itxura hartu du gaur udaletxeko udalbatza-aretoak. Normalki ordezkari politikoek okupatzen dituzten eserlekuetan gaur xake jokalariak izan dira protagonista. Anaitasuna Kakute Xake Taldeak, bere 40. urteurrena ospatzen ari dela-eta, ukitu berezia eman nahi izan dio gaurko jardunaldiari eta eszenatokiz aldatu.

Udako etenaldia eta gero, Azkoitia Lagunkoiak bere lan dinamika berreskuratu eta hileroko bilerei ekin nahi die. Datorren asteazkenean, irailaren 18an ekingo dio lanari. Ohikoa denez, bilera Elkargunean izango da arratsaldeko 18:00etan. Bilera irekia da eta interesa duen oro gonbidatuta dago. Helburua da guztiok zahartzaro hobeago batez gozatzeko aukerak lantzea.

Kirol instalazioen etengabeko hobekuntzarekin jarraituz, Udalak belar artifizialezko gune bat egokitu du Txerloian, jokalariek beroketetarako. Indarrezko ariketak edo hasierako entrenamenduak egiteko prestatu da gune berria. Harmailen aldamen batean kokatzen da beroketa tokia eta 250 m2tik gora ditu. Beroketa gune berriak futbol zelaia hobeto mantentzen lagunduko du, kalte gutxiago jasango baitu.

Ttipi Ttapa elkarteak atzo arratsaldean aurkeztu zuen irailaren 28an egingo den III. Lasterketa Solidario Inklusiboa. Aurten bildutak dirua Marea Urdinarentzat izango da, aurreko urteetan Katxalin eta Aspanogi elkarteentzat izan den bezala. Antolatzaileen esanetan, aurreko edizioetako datuak mantentzea eta ahal bada, gainditzea dute helburu. Aurkezpenean bidelagun izan zuten Angel Martin Kirol zinegotzia, Udalaren babesa erakusteko eta ekimenarengatik zoriondu eta eskerrak emateko xedez.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25