Gipuzkoako Blonda Lehiaketa, herri-kirolak eta XXXVIII. Inazio Iriarte Margo Lehiaketa izan dira gaur goizean nagusi Andramari jaiekin jarraitzeko. Herriko trikitilari gazteak ere kalera atera dira eta baita erraldoi eta buruhandiak ere, azken hauek Txalkor Txistulari Taldeak lagunduta. Ikusi goiza iruditan HEMEN KLIKATUTA:

Bart gauean 27 urteko emakume batek salaketa jarri du gizonezko batek genitaletan ukituak egiteagatik. Gertaera erdiguneko taberna batean gertatu da Andramari jaien erdian. Erasotzailea, 49 urteko gizonezkoa, identifikatuta eta inputatuta dago, askatasun sexualaren aurkako delitua egotzita. Erasotzaileari epaiketa azkarra egingo zaio datorren asteartean.

Jazoera tamalgarri honen aurrean, Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du eta biharko, igandea, kontzentrazioa deitu du ustezko sexu-abusua salatzeko. Elkarretaratzea eguerdiko 12:30ean egingo da Parrokia aurrean.

Umeen Barraka Eguna astelehenean izango da, abuztuaren 19an. Barraketan sarrerak euro 1ean eskuratu ahalko dira egun horretan. ​

Usadioari jarraituz eta eguzki izpiak bidelagun, Ohiko Aurreskua dantzatu dute udal agintariek herriko plazan. Jarraian, Sahatsa Dantza Taldeko dantzariak eta Umore Onako kide ohiak hartu dute plaza dantzarako. Bidelagun, Txalkor Txistulari Taldea. Ikusi argazkiak:

Festak martxa onean doaz. Gaur, usadioari jarraituz, Udalbatzak prozesioan egin du elizara joan-etorria San Roke egunean. Ikusi bideo eta irudiak:

Koldarrak antzerki taldearen “Axolagabetasuna” filmak jaso du Andramaixetako IX. Film Laburren Lehiaketako epaimahaiaren saria. Publikoaren saria, berriz, Txintxarri lokalarentzat izan da “Beldur handitan” filmagatik. Hasiera batean hamar taldek izena eman bazuten ere, azkenean bost lan aurkeztu dira aurtengo lehiaketara.Ikusi bideo guztiak:

Herriko Musika Bandak eta Txalkor Txistulari Taldeak lagunduta, urtero legez, udalbatzak prozesio zibilean udaletxetik parrokiara arteko bidea egin du. Udalbatzako kideek elizan meza nagusia entzungo dute herritarrekin batera. 

Usadioak agindu bezala, Herriko Musika Bandak eta Txalkor Txistulari elkarteak "Alkate soinua" eskaini diote Javier Zubizarreta alkateari bere etxe aurrean Andramari egunari hasiera emateko. Euri-lanbropenan, irrifarrez eta esker onez hartu dituzte musikariak alkateak eta bere emazteak, Mari Axun Mendizabalek.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22