Adituen esanetan, pertsona nagusien artean istripuen %90 erorikoak izaten dira eta 60 urtetik gorakoen artean, pertsona erdiek jasaten dute erorikoren bat urtean. Baina badaude prebenitzeko edo arriskuak murrizteko teknikak. Horien berri emateko tailerra egin da gaur Udaleko Gizarte Ongizate sailaren eskutik, Osasun Publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean. 23 lagunek hartu dute parte.

Hasi dira merkataritza bonuak saltzen. Bonu bakoitza 20 eurotan eskuratu daiteke eta 30 euroko balioagatik trukatu. Bakoitzak gehienez bi bonu eskura ditzake. Gaur udaletxeko sarreran 15:00ak arte eta arratsaldez -aurretik ez badira agortzen- 17:00etatik 19:00etara. Guztira Udalak 500 bonu jarri ditu salgai. Azkoitiko establezimendu guztietan erabili ahalko dira, taberna, jatetxe, denda eta zerbitzuetan.

Aurreko asteko lan saioari jarraipena emanez, Azkoitiko Mapa Morea egiteko bihar, asteartea, izango da herritarrekin egingo den bigarren jardunaldia. Elkargunean izango da hitzordua arratsaldeko 19:00etan eta ekimena irekia da, beraz interesa duen oro gonbidatuta dago bere ekarpena egitera.

Azkoitiko Hizkuntza Eskolan oraindik plaza libreak geratzen dira euskarako C1 maila egin eta ziurtagiria eskuratu ahal izateko. EGA desagertu denetik, euskara maila egiaztatzeko eta titulu homologatua eskuratzeko, bi bide bakarrik daude: HABEren euskaltegi batean azterketa egitea edota Hizkuntza Eskola Ofizialean. 2019-2010 ikaturtean, Azkoitiko Hizkuntza Eskolan euskararen C1 maila (EGAren baliokidea) irakatsiko da.

Artxamendi Topalekuak berriro zabalik ditu ateak Elkargunean dituen instalazioak handitu ostean. 13 eta 17 urte bitarteko nerabeei eta haien gurasoei zuzendutako zerbitzua da eta lagun arteko erreferentzia puntu. Bertan, aisialdi giroan, motibazioa, prebentzioa edota gizarteratzea lantzen dira beste hainbat aspekturen artean, jarduera ezberdinak burutuz. 

Alize Mendizabal organistak eta Andra Mari abesbatzak hitzordua dute larunbat honetan Organo Erromantikoaren Nazioarteko XX. Zikloaren baitan. Azkoitiko Parrokian eskainiko den bigarren kontzertua izango da urriaren 12koa. Iluntzeko 20:00etan izango da eta sarrera doakoa da. Andoni Sierraren batutapean, Maurice Duruflé (1902-1986) konpositore eta organista frantsesaren Réquiem Opus 9 obra interpretatuko dute. 1947An argitaratua, musikariaren lanik ezagunenetarikoa da.

Mintzalagun egitasmoaren 2019-2020 ikasturteko aurkezpen ekitaldia urriaren 17an, ostegunean, 19:00etan Elkarguneko Zeharkako gelan izango da. Bertan Iñigo Dierez azkoitiarrak “Katu” liburua aurkeztuko du eta ondoren egilearekin solasaldia egingo da. Ekitaldi irekia da eta nahi duen orok du bertaratzeko aukera.

Mintzalagun mintzapraktika egiteko gunea da non euskaldunak eta euskara erabiltzeko erraztasunik ez dutenak euskaraz hitz egiteko gutxienez astean ordubete biltzen diren eurek aukeratutako lekuan eta orduan.

Gaur grabatu da lehendabiziko aldiz udaletxeko kontratazio mahaiak proposamen ekonomikoa zeramaten gutun-azalen irekiera unea. Hain justu, Udaltzaingoarentzat izango den ibilgailu elektrikoaren lizitazioari zegokion irekiera. Gainera, euren proposamenak aurkeztu dituzten enpresek euren gailuetan zuzenean ikusteko aukera izan dute kontratazio mahaia egiten ari zena. Hemendik aurrera ohikoa izango da hau. Batetik, legeak hala agintzen duelako eta bestetik Udalak kontratazio guztietarako lizitazio elektronikoa ezarri duelako.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25