Elkargunean KZguneak duen espazioaren berrantolaketa lanen ostean, berriro ateak zabalik ditu. Itxita egon da egun batzuetan eta dagoeneko erabilgarri dago. KZgunea astelehenetik ostiralera egoten da zabalik. 9:00etatik 13:00era goizez eta 16:00etatik 20:00etara arratsaldez. Eskaintzen diren ikastaroetan parte hartzeko aukera izateaz gain, edonork erabil ditzake bertako ordenagailuak nabigatzeko.

Euskadi Lagunkoiara atxikita dauden udalerrietako kide batzuek International Federation of Ageing-ek (Zahartzearen Nazioarteko Federazioa) bultzaturiko ekimenean parte hartzea erabaki dute. Besteak beste, euren hausnarketak bidali dituzte lagunkoitasunaren esanahia zer den eta lagunkoia zer den eta zer ez den azalduz. Horra Azkoitia Lagunkoiaren hausnarketa:

Udalak lizitaziora aterako ditu Elkargunean belar artifizialezko futbol zelai berria eraikitzeko lanak. Futbol zelai berria oraingo kanpoko saskibaloi pista dagoen tokian eraikiko da. Erabakia atzoko Zubiaurre-Elkarguneko batzordean hartu zen EAJ/PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin. Bestalde, EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren.

"Eskualdeko ikastetxe eta eragileen arteko harremanak: Erronkak eta aukerak" izenburupean, enpresak eta eragileak bildu dira gaur Intsausti Jauregian, Iraurgi Berritzenen eskutik. Harremanak indartzen joateko aukera eta iniziatiba desberdinak elkarrekin identifikatzea dute helburu.

Udalak Azkoitiko Mapa Morea egiteko parte-hartze prozesua abiatu du. Genero ikuspegitik egindako hiri-diagnostikoa da Mapa Morea. Horretarako, abian jarritako parte hartze prozesuaren baitan, hainbat lan saio aurreikusten dira herritarrekin eta horietatik lehenengoa datorren asteartean, urriaren 8an, izango da Elkargunean 19:00etan. Gai honetan interesa duten herritarrak gonbidatuta daude parte hartzera.

Kandido Beristain, Epeldetarrak, Zendoiatarrak, Galdakano, Zabale, Maltzetatarrak, Egurrolatarrak, Txibilter, Izertarrak, Uitte, Landakanda, Zabaleta, Epelarre… asko dira trikiti munduari pil-pilean eutsi dioten azkoitiar trikitilari eta panderojoleak, gure herriko historia eta ondare musikala aberastuz. Errautsak Hauspotzen proiektuak ondare horri bizirik eustea du helburu. Horretarako, dokumental bat egiteko saiakera abiatu zuten Trikigiro Elkartearen, Kulturaz Kooperatibaren, Euskal Herriko Trikitixaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen babesarekin, bailarako trikitiaren fenomenoa jasoaz.

Urteroko hitzorduari leial jarraituz, hastear da XX. Nazioarteko Organo Erromantikoaren Zikloa Azkoitian, Azpeitian eta Bergaran. Bertako zein kanpoko musikarien parte-hartze interesgarriarekin dator eta gaur aurkeztu dute ekimena Esteban Elizondo antolatzaile nagusiak, Jose Luis Franzesena organistak eta hiru udalerrietako ordezkariek. Azkoitian, larunbat honetan Iraurgi Abesbatzak eta Parrokiko Abesbatzak irekiko dute zikloa Franzesena organoan dela.

Udaleko Gizarte Ongizate sailak Osasun Publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean Erorikoak Prebenitzeko Tailerra antolatu du laugarren urtez jarraian 60 urtetik gorakoentzat. Parte hartu nahi dutenek zabalik dute izen-emate epea urriaren 14ra arte. Izen-ematea anbulatorioan egin daiteke edo 943 00 76 10 telefono zenbakira deituta. Ekimena doakoa da. Tailerrak bi zati ditu, teorikoa eta praktikoa, eta edizio honetan egun bakar batean egingo da. Tailerra euskaraz izango da urriaren 15ean, 9:15etatik 12:15etara, Elkarguneko Oteiza gelan.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22