Herrixen Merkatari Elkarteak Beherapen Azoka antolatu du larunbaterako, otsailaren 15erako. 10 establezimenduk hartuko dute parte eta Balda plazan jarriko dituzte postuak. Eguraldiak lagundu ezean, ordea, azoka Elkargunera tokialdatuko dute. Halaber, haurrentzat puzgarriak eta tailerrak egongo dira helduek erosketak erosotasunez egiteko aukera izan dezaten.

Ostiral honetan, otsailak 14, izango da XXXVIII. Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia. Udaletxean izango da arratsaldeko 19:00etan eta bertaratu nahi duten herritar guztiak gonbidatuta daude, ekitaldi irekia baita.
Aurtengo lehiaketara 27 lan aurkeztu dira eta Udalak urtarrilean ezagutarazi zuen epaimahaiaren erabakia. Juan Ramon Alberdirentzat izango da XXXVIII. Bizenta Mogel lehiaketaren lehenengo saria. Bigarrena, Miren Beneitezek jasoko du eta hirugarrena Marta Alberdik.

Datorren astelehenean, otsailaren 10ean, irekiko da Inauterietako Mozorro eta Tabernen Apainketa Lehiaketetarako izen-ematea. Parte hartu nahi dutenek aukera dute izena emateko hilaren 10etik 21era bitartean Udaletxeko Harrera Bulegoan.
Bi lehiaketak otsailaren 22an izango dira. Egun horretan Mozorro Lehiaketako partaideak 19:00etatik 20:30era eliza ataritik pasa beharko dute epaimahaikideek euren balorazioa egin ahal izateko. Halaber, tabernetara 20:30etik aurrera hurbilduko dira dekorazioa ikustera.
Kontutan hartu behar da Mozorro Lehiaketan parte hartzeko 16 urte edo gehiago behar direla.

Tags:

“Harakintza eta Haragikien elaborazioa” ikastaroan parte hartu duten hamar lagunek gaur jaso dute profesionaltasun ziurtagiria eskuratu dutela egiaztatzen duen diploma ikastaroaren itxiera ekitaldian. Hazi Fundazioaren eskutik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailaren ekimenez, Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkartearen laguntzarekin eta Urkaiko eta Basatxerri enpresekin elkarlanean antolatu da ikastaroa. Langabeei zuzendutako ikastaroa zen.

Herriko ikastetxeetan Hezkidetza Programa garatzen dute, neska-mutilen arteko berdintasuna sustatzeko, sexuaren araberako estereotipoak eta rolak alboratuz eta era guztietako bazterkeria eta indarkeria desagerrarazten laguntzeko. Programaren sustatzaileak, Hezkidetza Foroa osatzen duten kideak, bi hiletik behin elkartzen dira eskoletan egiten ari diren lanketaren balorazioa egiteko eta aste honetan bildu dira. Udalarekin batera, Hezkidetza Foroan parte hartzen dute bost ikastetxeek, alegia, Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Ikastetxeak, Azkoitia BHI-k, Bizilore Eskola Aktiboak eta Izarraitz Lanbide Heziketak, kale-hezitzaileek eta Gazteria Zerbitzuak.

Tags:

Udal brigadako langileek sarri aurkitzen dituzte sofak edo altzari zaharrak edukiontzi-irlen ondoan botata. Bolumen handiko artikuluak edo hondakinak jasotzeko Emausi deitu behar zaio, kalean botata utzi beharrean. Emausek eskaintzen duen zerbitzua doakoa da eta etxez etxekoa. Egin behar den gauza bakarra da 656 789 574 eta hitzordua hartu Emauseko langileak etxeko traste zaharrak jasotzera pasa daitezen. Beste aukera da norberak Garbigunera eramatea.

Tags:

Usadioari jarraituz, Santa Ageda bezpera koplak abestuz ospatu dute ikastetxeek. Udaletxean bisitan izan dira Floreaga Ikastetxeko eta Azkoitia BHIko neska-mutilak eta bertso dotoreak bota dituzte Udal Osoaren Bilkuran makilak astinduz. Floreagako ikastetxeko gazteek limosna eskatu dute ikasbidaiarako eta Azkoitia BHIkoek, besteak beste, skateparka. Javier Zubizarreta alkateak egin die harrera eta baita koplei erantzun ere. Alkateak soinuarekin Marijose Arregi Euskara zinegotzia izan du bidelagun.
Trula trula lai, trula trula lai, trula trula lai trutailai, truta trulalai trula trulalai, trula trula lai trulalai...

Azkoitiko Udalak bat egin du Mugiment egitasmoarekin eta Kirol Orientazio Zerbitzua jarri du martxan. Helburua da pertsona inaktiboak aktibo bihurtzea jarduera fisikoa eta ohitura osasuntsuak sustatuz. Zerbitzuaren helburua da pertsona inaktiboei laguntza eskaintzea jokabide aldaketa horretan entzute aktiboa erabiliz. Azkoitian zerbitzua otsailaren 11n zabalduko da.
Gaur aurkeztu dute ekimena Javier Zubizarreta alkatea buru dela, Mugimenteko idazkari teknikoa den Malen Ruiz de Azuak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sustapeneko teknikari Arantxa Urangak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzu buru Iñaki Iturriozek, Azkoitiko osasun etxeko buru Alazne Ezkurrak eta zerbitzua emango duen Ainhize Azpiazuk.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
22