Visesa sozietate publikoak Idiakez Ederra (Nagusia 80) eraikinean altxatuko diren babestutako 16 etxebizitzen eraikitze lanak lizitaziora atera ditu. Gaur argitaratu da iragarkia Euskadiko kontratazio publikoaren webgunean. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 22ra arte luzatuko da. Lanek 2.674.104,76 (BEZ barne) euroko oinarrizko aurrekontua dute eta 24 hilabeteko exekuzio epea.
Visesak asmoa du aurten obrak esleitu eta lanak hastea, eta etxeak 2023 amaieran entregatzea.

Martxoaren 8aren bueltan, herriko ikastetxeetan lanketa polita egin dute benetan eta gaur elkarrekin partekatu dute, udaletxeko fatxadatik egindako muralak zintzilikatuz ekintza sinboliko bati bide emanez. Parte hartu dute Floreaga ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitia BHI-k eta Izarraitz Lanbide Heziketak.
Eskolekin batera, Udalak, kale-hezitzaileek eta Gazteria Zerbitzuak osatutako Hezkidetza Foroan sortu zen ideia eta gaur ikusi ahal izan da emaitza.

Udaleko Gizarte Ongizate sailak Osasun Publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean Erorikoak Prebenitzeko Tailerra antolatu du bosgarren urtez jarraian 60 urtetik gorakoentzat.
Parte hartu nahi dutenek zabalik dute izen-emate epea martxoaren 30 arte. Izen-ematea anbulatorioan egin daiteke edo 943 00 76 10 telefono zenbakira deituta. Ekimena doakoa da. Tailerrak bi zati ditu, teorikoa eta praktikoa, eta azkeneko edizioan bezala egun bakar batean egingo da. Tailerra gazteleraz izango da martxoaren 31n, 9:15etik 12:15era, Elkarguneko Oteiza gelan.

Baztarrikaldeko jaiak ospatuko dira bihar eta igandean. Festa giroan murgiltzeko bihar, ostirala, mus txapelketa jokatuko da Gurea pilotalekuan 22:30ean. Parte hartu nahi duenak txapelketa hasi aurretik eman dezake izena. Lau erregetara jokatuko dute, lau ustel eta lau hamarrekotara.
Larunbateko atsedenaren ostean, berriro igandean berreskuratuko da festa giroa, martxoaren 8an. Eguerdian, 12:00etatik aurrera, zezen txikiak eta poniak jarriko dira umeen gozamenerako eta arratsaldean, 17:30ean, Asto Probak izango dira. XI. Joxe Astarbe saria jokatuko dute.

“Roman eta Julieta” antzezlana aurkeztuko du Borobil Teatroak larunbat honetan Baztartxo Antzokian. Martxoaren 7an, 19:30ean izango da hitzordua. Gaur Azkoitian izan dira Kultura zinegotzi Sonia Vazquez bidelagun dutela, obraren zuzendari eta ekoizle Anartz Zuazua eta Jose Ramon Soroiz, Romanen pertsonaia antzezten duen aktorea. Azaldu dutenez, “publikoak hurbilekoa sentitzen duen istorioa da etxe askotan gertatzen ari delako”.

Berriro martxan da aisialdiaz gozatuz ingelesa praktikatzeko aukera. Udaleko Hezkuntza sailak, Gaztanenea Formakuntza Zentroarekin bat, ostegunetako pintxo-potea aprobetxatuz, hizkuntza praktikan jartzeko aukera luzatu du hainbat saio antolatuz. Helburua da modu ludikoan eta ingelesean trebatzea helburu dutenei zuzenduta, bide ezberdinak eskaintzea.

Euskal musika klasikoa nazioarteko errepertorioarekin kokatzea helburu duen Batura Zikloaren baitan kontzertua eskainiko da Azkoitian. Josu Okiñena musikariak sustatuta, ekimenaren helburuak herritarrei gure musika-ondarea ezagutaraztea eta euskal musika nazioarteko musikariek euren errepertorioetan barneratzea dira. Zikloaren baitan lau emanaldi eskainiko dira Donostian eta kontzertu bana beste Gipuzkoako lau herritan: Azkoitian, Lezon, Andoainen eta Zumarragan. Gaur aurkeztu dute proiektua Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

Iraurgi Berritzenen aterkipean eta Javier Zubizarreta presidentea buru dela, Urola Erdiko hainbat ikastetxek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak sustaturiko Euronet 50/50 proiektuarekiko atxikimendua hitzartu dute gaur goizean, “Entzun energiaren ahotsa” kanpainarekin bat eginez. Egitasmoaren helburua da eraikin publikoetako aurrezte energetikoa areagotzea. Parte hartzen duten ikastetxeen artean Azkoitia BHI aurkitzen da. Zentroak 50/50 metodologia ezarriko du dituen bi eraikinetan.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25