Artistak bere azken muntaia, “Houdini, telebistaren magia”, aurkeztuko du larunbat honetan, martxoaren 14ean, Baztartxo Antzokian. 18:00etan izango da hitzordua eta bertan Houdini berdintzen ahaleginduko da.
Sun Mago ezagunaren azken ikuskizun hau ilusioetatik barrena egiten den bidaia da non ez diren falta enigma ezinezkoak, agerraldiak eta desagertze misteriotsuak.
Txikienek Harry Houdini ezaguna dute Disney Channel kateko “Club Houdini” seriea tarteko. Magoak estrainekoz Azkoitian ur tankearen ihesaldiaren saioa eskainiko du, bere errepertorioko deigarriena dena, eta 500 litro ur dituen tanketik atera beharko da, lotuta eta kateatua egonda.

Emakumeen Nazioarteko Egunak jarraipena izan du gaur arratsaldean Kontzejupean. Batukadarekin eman zaio hasiera ekitaldiari eta jarraian, Erniarraitz Bertsozale Elkarteko Eneritz Artetxe, Julene Iturbe eta Naia Arrizabalaga bertsolariek saio dotorea eskaini dute oholtza gainean, berdintasunaren aldeko oihua bertso bihurtuz. Gai jartzaile Silvia Etxaniz aritu da.
“Izan direlako gara eta garelako, izango dira. Jarrai dezagun katerik gabe, katean. Berdintasun nahiak eta ahalduntze beharrak batzen gaitu. Egin diezaiogun omenik beroena gure aurrekoei eta urratsak ematen jarraitzeko deia belaunaldi berriei”, esan du Berdintasun zinegotzi Mertxe Zubillagak.

Martxoaren 8a, Emakumeen Naziaorteko Egunaren harira, Azkoitiko Udalak ondorengo adierazpen instituzionala egin du:
EMAKUMEEN MOBILIZAZIOAK. Mundua eraldatzen duen emakumeen boterea.
1952an martxoaren 8a Emakumearen Nazioarteko Eguna ezarri zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak (NBE). M8ak emakumeen "grebak" oroitzen ditu, historian zehar euren eskubide laboral, ekonomiko, politiko eta sozialak aldarrikatu dituztenak. Borrokek aldaketak ekarri dituzte legeetan, gizartean eta kulturan, eta gizarteak berdintasun- eta demokrazia-maila handiagotarantz aurreratu dituzte.

Atzo txurro dendan jazotako ezbeharraren inguruan:

Atzo arratsaldean Ibaiondo kalean zegoen txurro dendak su hartu zuen eta bertan bi pertsonen gorpuak agertu ziren. Gertaera latz horren aurrean Azkoitiko Udaletik EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia Bairen izenean gure doluminak bidali nahi dizkiegu hildako gazteen familia eta gertukoei momentu gogor honetan.
Bestalde, zurrumurruak alde batera uzteko deia egin nahi diegu herritarrei eta iturri ofizialen zain egoteko edonolako informazioa zabaltzen hasi aurretik.
Azkenik, komunikabideei jazotakoaren inguruan errespetuz jarduteko eskatu nahi diegu, sentsazionalismoa alde batera utziz.

EAJ/PNV, EH Bildu, PSE-EE eta Azkoitia bai Udal Taldeak

Visesa sozietate publikoak Idiakez Ederra (Nagusia 80) eraikinean altxatuko diren babestutako 16 etxebizitzen eraikitze lanak lizitaziora atera ditu. Gaur argitaratu da iragarkia Euskadiko kontratazio publikoaren webgunean. Proposamenak aurkezteko epea apirilaren 22ra arte luzatuko da. Lanek 2.674.104,76 (BEZ barne) euroko oinarrizko aurrekontua dute eta 24 hilabeteko exekuzio epea.
Visesak asmoa du aurten obrak esleitu eta lanak hastea, eta etxeak 2023 amaieran entregatzea.

Martxoaren 8aren bueltan, herriko ikastetxeetan lanketa polita egin dute benetan eta gaur elkarrekin partekatu dute, udaletxeko fatxadatik egindako muralak zintzilikatuz ekintza sinboliko bati bide emanez. Parte hartu dute Floreaga ikastetxeak, Xabier Munibe Ikastolak, Bizilore Eskola Aktiboak, Azkoitia BHI-k eta Izarraitz Lanbide Heziketak.
Eskolekin batera, Udalak, kale-hezitzaileek eta Gazteria Zerbitzuak osatutako Hezkidetza Foroan sortu zen ideia eta gaur ikusi ahal izan da emaitza.

Udaleko Gizarte Ongizate sailak Osasun Publikoarekin eta Azkoitiko anbulatorioarekin elkarlanean Erorikoak Prebenitzeko Tailerra antolatu du bosgarren urtez jarraian 60 urtetik gorakoentzat.
Parte hartu nahi dutenek zabalik dute izen-emate epea martxoaren 30 arte. Izen-ematea anbulatorioan egin daiteke edo 943 00 76 10 telefono zenbakira deituta. Ekimena doakoa da. Tailerrak bi zati ditu, teorikoa eta praktikoa, eta azkeneko edizioan bezala egun bakar batean egingo da. Tailerra gazteleraz izango da martxoaren 31n, 9:15etik 12:15era, Elkarguneko Oteiza gelan.

Baztarrikaldeko jaiak ospatuko dira bihar eta igandean. Festa giroan murgiltzeko bihar, ostirala, mus txapelketa jokatuko da Gurea pilotalekuan 22:30ean. Parte hartu nahi duenak txapelketa hasi aurretik eman dezake izena. Lau erregetara jokatuko dute, lau ustel eta lau hamarrekotara.
Larunbateko atsedenaren ostean, berriro igandean berreskuratuko da festa giroa, martxoaren 8an. Eguerdian, 12:00etatik aurrera, zezen txikiak eta poniak jarriko dira umeen gozamenerako eta arratsaldean, 17:30ean, Asto Probak izango dira. XI. Joxe Astarbe saria jokatuko dute.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25