Ile-apaindegiak ere atzotik derrigortuta daude establezimenduak ixtera baina etxez etxeko zerbitzua eman dezakete. Horrenbestez, Plaza Ondo Elkarteko ile-apaindegia itxita mantenduko da baina beharrezkoa den kasuetan, etxez etxeko zerbitzua eskainiko du. Horretarako 943 85 36 25 telefonora deitu beharko du bezeroak.

“Surrealista egiten zaigu denoi egoera hau baina beharrezkoa da honetatik pasatzea egoerak okerrera egin ez dezan. Gera gaitezen etxean guztion onerako”, dio Javier Zubizarreta alkateak. Elkar ulertzea eta erantzukizuna eskatzen ditu isolamendu egoera honetan.
Estatu osoan alarma egoera ezartzeak herritarren mugimendu askatasuna mugatu du, joan-etorriak guztiz murriztuz. Isolamendua bermatze aldera koronabirusaren hedapena saihesteko, bakarrik atera ahal izango da etxetik elikagaiak, medikamentuak edo oinarrizko produktuak erosteko.

Azkoitiko Udalak, Javier Zubizarreta alkatearen erresoluzio bidez, taberna eta jatetxeetako terrazak ixtea erabaki du ezhoiko neurri gisa koronabirusaren zabalkundearen aurrean. Gainera, Iñigo Urkullu lehendakariak bihartik aurrera tabernak ixteko agindua eman du.
“Guztiok dugu ardura gai honetan eta emandako gomendioak zorrotz betetzea komeni zaigu. Helburua da norbera zaintzea eta babestea, beste guztiak babesteko. Ezin dugun osasuna jokoan jarri dagoena baino gehiago. Terrazen itxiera agindu dugu jende pilaketarik ez dadin egon eta batez ere, herritarrak kontzientziatzeko etxean geratu behar dutela eta joan-etorriak eta aktibitateak saihestu, derrigorrezkoak ez diren kasuetan ezik", adierazi du Javier Zubizarreta alkateak. Horri gehitu behar zaio Iñigo Urkullu lehendakariak duela minutu gutxi iragarri duen agindua. Bihartik aurrera tabernak ixteko agindu du. 

COVID-19 koronabirusak EAEko lurralde osoan izandako aurrerapenaren aurrean, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraituz, Gizarte Politikako Departamentuak Gipuzkoako eguneko zentro guztien aldi baterako itxiera erabaki du, Azkoitikoa barne, agindu berririk eman arte. Ondorioz, adinekoentzako, desgaitasuna duten pertsonentzako eta gaixotasun mentala duten pertsonentzako eguneko zentroko zerbitzu guztiak bertan behera geratuko dira.

Osasunaren Munduko Erakundeak Koronabirusa pandemia izendatu duenetik, neurriak areagotu egin dira, guztion ardura delako birusaren zabalkundea gelditzea eta kolektibo zaurgarrienak babestea. Gaur bertan, Eusko Jaurlaritzak Larrialdietako kudeatzeko plana ezarri du. Horren aurrean, Azkoitiko Udalak hainbat neurri hartu ditu gaur goizean eta Jarraipen Mahaia osatu du datozen egun, aste edo hilabeteetan segimendu, koordinazio eta komunikazio lanak burutzeko.

Udalak bere gaitzespenik irmoena azaldu du Abanto Zierbenan gertatutako bi emakumeren hilketaren aurrean eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimen hurbilekoei.
Tragedia honek gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten eta indarkeria matxistaren aurrean tolerantziak ez duela tokirik.
Giza eskubideen aurkako urraketa larri eta onartezin honen aurrean, Udalak bat egingo du antolatzen diren gaitzespen-elkarretaratze edota ekintzetan.

Gaur goizean Udalak Plaza Ondo Jubilatuen Elkartearen egoitza itxi du Koronabirusaren aurrean prebentzio neurri gisa, Osasun sailak eta Osakidetzak emandako gomendioa jarraituz.
Osasun sailak aldi baterako itxiera gomendatu du baina ez du argitu noiz arte luzatuko den itxiera.
Osasun sailaren arabera, gaixotasunaren ondorioek gehien kaltetzen dituzten herritarrak adinekoak dira eta gutxiago kutsatu daitezen neurriak gogortzea erabaki da, adinekoak elkartzen diren guneetara prebentzio-neurriak zabalduz.

Bisibilitatea inklusiorako kontzientziazio ardatz hartuta, Azkoitiak piktogramak margotu ditu oinezkoen pasabideetan, Autismoaren Espektroaren Nahasmendua (AEN) duten pertsonek erabiltzen duten komunikazio sistema baita piktogramena. Irudiak erabiltzen dira ingurua ulertzeko ahozko edo idatzizko kanalak ez direnean baliogarriak. Azkoitia da pasabideetan piktogramak jarri dituen Euskadiko lehen udalerria, eta aldi berean, lehena izan da piktogramak euskaraz ipintzen.

Al Ar Az Og Or Lr Ig
7
8
10
15
16
17
18
24
25