Berriak Mikel Laskurain aktorea: “Endreduzko komedia da Etxeko Saltsak antzezlana”

Mikel Laskurain aktorea: “Endreduzko komedia da Etxeko Saltsak antzezlana”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 5496

Txalo etxeak duela urte t’erdi inguru estreinatu zuen “Etxeko Saltsak” obra aurkeztuko du larunbat honetan, abenduak 1ean, Baztartxo Antzokian. 19:30ean izango da emanaldia. Gaur obraren berri ematera etorri dira Azkoitira produkzio etxearen arduraduna den Xabier Agirre eta antzezlanean parte hartzen duen lau aktoreetatik bat, Mikel Laskurain. Berarekin oholtza partekatuko dute Ane Gabarain, Aitziber Garmendia eta Aitor Fernandino aktoreek. Puntako gidoia, puntako aktoreentzat. Sekulako arrakasta ari da izaten.

Laskurainen esanetan, “endreduzko komedia da. Ni neroni bakarrik endredatzen naiz eta pentsa ba, endreduzkoa baldin bada. Korapilatzen joaten da gauza eta ikuslegoak gu baino gehiago daki, aurretik doa. Truko bat da baina funtzionatu egiten du”. Aitziber Garmendia Laskurainen maitalea da antzezlanean, eta Ane Gabarainek hezurmamitzen duen pertsonaiaren senarra. Fernandino, berriz, Garmendiaren senargaia “baina gizajo samarra da eta besteok aprobetxatu egiten gara”.

Protagonistaren hitzetan, obra ikustera joaten denak “antzerkia ikusiko du. Lau aktore lanean“. Hori bai, onartzen du elkarrekin eta lanean “oso ondo pasatzen“ dutela.

Alan Ayckbourn autore ingelesarena da testua eta Begoña Bilbao da zuzendaria. “Ekoiztetxeok -esan du Xabier Agirrek- testu interesgarriak behar ditugu eta gogorra eta zaila da sakonak, zerbait esaten duten testuak aurkitzea“. Beharbada, errazagoa da Euskal Herrian aktore onak izatea. “Aktoreak testuaren maila berean edo gainetik daude. Lan asko egin da, esperientzia lortu dugu eta ekoiztetxeok badugu aktore zerrenda bat. Kontutan hartu, komedia egitea dela zailena. Drama defenditzea baino zailagoa da”.

Agirreren esanetan, azken 25 urte hauetan sektorea profesionalizatu egin da eta Euskal Herritik kanpo ere errespetatzen eta aitortzen da euskal antzerkiaren balioa. “Euskaldunok hori daukagu, lanerako ohitura eta horixe egin dugu, lana“ esan du Laskurainek txantxetan.

Aurkezpenean mahaikide izan dute Sonia Vazquez zinegotzia. Aipatu du Udala antzerkia bultzatzeko ahalegin handia ari dela egiten eta ordu aldaketarekin –orain 19:30ean izaten dira emanaldiak- asmatu dutelakoan daudela. “Uste dut jendearen erantzuna hobea dela eta gainera, jendea antzerkira joateko ohitura hartzen ari dela“.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut