Berriak Garapenean Bidelagun, solidaritatearekin hitzordua

Garapenean Bidelagun, solidaritatearekin hitzordua

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 3470

Gobernuz kanpoko zortzi erakundek hartuko dute parte aurtengo Garapenean Bidelagun ekimenean. Aurten ahalegin berezia egin da egitaraua antolatzerakoan Nekane Larrañaga Gizarte Ongizateko zinegotziaren esanetan. Besteak beste, aurreko urteetan bezala azoka solidarioa egingo da azaroaren 25ean Herriko Plazan, baina horretaz gain datozen bi asteetan, ostegunetan, pintxo-pote garaian, kale-antzerkiaz gozatzeko aukera izango da. Ikusi egitaraua hemen

Hilaren 15ean, “Larrialditan” kale antzerkia eskainiko da eta 22an, “Welcome!” poesia bisuala oinarri duen lan ibiltaria. Halaber, Baztartxo Antzokian kale antzerkiaren izenburu bera daraman “Welcome” filma botako dute, kurdu iraniar gazte batek Ingalaterra iristeko pasa behar dituen kalamitateen inguruko pelikula. Azaroaren 18an eta 19an izango da ikusteko aukera.

Asteburu honetan bertan Esku Bidez taldearen eskutik, Izaroren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Salvamento Marítimo Humanitario SMHri laguntzeko antolatu diren ekintzen artean. Gaur, “Zuk” dokumentala botako dute.

Udalak atzo aurkeztu zuen Garapenean Bidelagun ekimenaren egitaraua talde ezberdinetako ordezkariekin batera. Aurten parte hartuko dute Gazteak eta Garapena, Behar Bidasoa, Esku Bidez, Lumaltik, The Direct Help, Mundu Solidarioa Helburu, Bidezko Merkataritza eta Acoes taldeek.

Atzoko aurkezpenean denek egoterik izan ez bazuten ere, Iñaki Lizasok (Behar Bidasoa), Nerea Machadok (Esku Bidez), Pello Larrañagak (The Direct Help) eta Juan Inazio Sudupek (Gazteak eta Garapena) egiten duten lanaren pintzelkada batzuk eman zituzten.

Nerea Machadok azaldu zuen “Aita Marik” ez duela Espainiako gobernuaren baimenik oraindik Mediterrraneora heldu ahal izateko eta han pertsona migranteak erresketatu. Pasaian jarraitzen du. “Gobernuak sei hilabeteko epea du baimena emateko baina bitartean pertsonak hiltzen ari dira”. Justu estatuko administrazioaren isiltasunaren aurrean, aste honetan hasi da sinadura bilketa gobernuari presioa egiteko. Esku Bidez taldea berriki sortu da Mediterraneoan migranteek bizi duten egoeraren inguruan sentsibilizazio lan bat egiteko. “Zazpi guraso bildu ginen herriari jakinarazteko pertsona pila sufritzen dagoela”.

Pello Larrañagaren erakundeak Nepalen jartzen du fokua. Katmanduko 18. auzoan duten Kumari Ghar harrera etxeari laguntzen dio taldeak. “Batik bat emakumeekin eta umeekin egiten da lan. Gizonik gabe geratu direnekin edo umezurtzekin”. Eskola, janaria, arropa eta sendagaiak ematen zaizkie. “Emakumeei josten ere erakusten zaie eta bizitzeko, justu justu, ateratzen dute. Esan didate hemengo laguntzari esker, labe bat erosi dutela eta joaten naizenean ogia jateko moduan izango naizela”.

Gazteak eta Garapena fundazioak bereziki lau arlo jorratzen ditu Juan Inazio Suduperen esanetan. Sentsibilizazio, proiektu zehatzak, boluntariotza eta garapenerako heziketa. Hainbat ekintza antolatzen dituzte urtean zehar, solidaritate lasterketa, solidaritate pintxoa, janari bilketa… Beninera bideratu izan dute Azkoitiko Udalaren eta herriaren laguntza eta azken urteotan Ekuadorren ere esku-hartu dute “bertako emakume nekazariak ahalduntzeko”.

Behar Bidasoa erakundearen ordezkari Iñaki Lizasok azaldu zuen Azkoitiko laguntza Ruandako Kabuga hirirako erabiltzen dutela. “Hango bizi baldintzak oso kaskarrak dira. Batez ere, emakumeekin, pertsona nagusiekin, gaixoekin eta umeekin egiten dugu lan. Senarra kartzelan edo hiesarekin duten emakumeekin, horrelako egoera tamalgarriak asko ikusten baitira”. Etxetxoak egiten dituzte laguntzeko. “Adobezko etxetxoak, porlan pixka batekin babestuta”. Horretaz gain, ospitaleak, jangelak, kooperatibak… hainbat proiektu dituzte, “gutxienez umeek egunean behin jan dezaten”. Azkoitiko udalaren laguntzari esker 20 etxetxo eraiki dituztela gaineratu zuen.

Solidaritatearen aurpegiak dira, errealitate gordinenen testigantza zabaltzen digutenak.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut