Berriak Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa dokumental batean

Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa dokumental batean

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 2532

Urola Erdiko trikitixaren fenomenoa jasotzen duen dokumentala lantzen ari dira eta 2019ko udazkenean ikusi ahalko da emaitza. Gaur aurkeztu dute ekimena Azkoitiko udaletxean sustatzaile eta babesleek. TrikiGiro elkartea eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatiba ari dira proiektua garatzen hainbat norbanakorekin batera, Azkoitiko eta Azpeitiko Udalen eta Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen laguntzarekin.

“Zaindu –esan du Sonia Vazquez Kultura zinegotziak- behar dugun ondarerik baldin badugu Urola Erdian, hori trikitixarena da. Ukaezina da trikitiak herri honi izena eta izana eman dizkiola eta dokumentalak balioko du ondare hori balioan jartzeko eta gure ondorengoei hemen izan diren eta diren trikitilarien ekarpena ezagutarazteko eta transmititzeko”.

Dokumentalak helburu bikoitza du. Batetik ikuslegoaren esku jarriko den ikus-entzunezkoa garatzea eta bestetik, bailarako trikitixaren protagonisten lekukotza jasotzea, etorkizunari begira, artxiboa osatu eta dokumentazioa gordetzeko. Ordu askoko lana bilduko da. Halaber, dokumentala trikiti munduari pil-pilean eutsi dioten eta eutsiko diotenei eginiko omenaldia ere bada.

“Trikitixak euskal iruditeria kolektiboari egindako ekarpena balioan jartzea da helburu nagusia. Trikitiaren sehaska izenez ezagun da Urola Erdia, bai trikitizaletasun oparoagatik, bai historiako trikitilari handienetariko asko bailarakoak izateagatik“, diote TrikiGiro elkarteko kideek.

Euren hitzetan, “dokumentalak eskualdeko trikitilarien bizipenak, adituen hausnarketak, diseinu grafikoz osatutako bideoak nahiz artxiboko irudiak bilduko ditu“.

IMG 2514

 

Apirilean ekin zitzaion lanari eta orain arte elkarrizketatu dira Tomas Soraluze Epelde, Margari Aizpuru Otola zenaren alarguna, Iñaki Garmendia Laja, Ramon Zubizarreta Landakanda, Imanol Arregi Iturbide, Agustina Aranbarri Epelarre zenaren alarguna, Angeles Aramendi Zendoia zenaren alarguna, Manuel Arrizabalaga Izer eta Antonina Beristain Kandido Beristainen alaba.

“Datozen aste eta hilabeteetan beste hainbat trikitilari eta aditu elkarrizketatuko ditugu. Beste zenbait sekuentzia grabatu, dokumentazio lanak osatu, diseinu grafikoak garatu eta edizio lanak amaitu ondoren, dokumentala 2019ko udazkenean estreinatzea aurreikusten dugu“, iragarri dute.

60ko hamarkadan euskal kulturak bizi izan zuen berpizkundean, trikitixak izan zuen papera azpimarratu dute. “Aldi hartan, berebizikoa izan zen Urola Erdiko trikitilarien lana. Urte gutxitan mendiko erromerietan jotzetik, milaka eta milaka lagunen aurrean jotzera pasa ziren eskualdeko musikariak. 60 eta 70eko hamarkadetako txapelketetan, esaterako, partaideen gehiengoa Urola Erdikoa izan ohi zen. Euskal Kulturan ezinbesteko zutabe bihurtu zen trikitixa eta Urola Erdiko trikitilariak izan ziren horren protagonista“.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut