Berriak Azken lau urteotan 7,6 puntu igo da euskararen kale erabilera Azkoitian

Azken lau urteotan 7,6 puntu igo da euskararen kale erabilera Azkoitian

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 1985

Mahaian Marijose Arregi Euskara zinegotzia, Soziolinguistika Klusterreko Belen Uranga eta Euskara Mahaiko Mari Jose Zubia. Zutik udal ordezkariak eta Euskara Mahaiko kideak.

2014tik 2018ra bitartean, euskararen kale erabilera 7,6 puntu igo da. Alegia, %61,3tik %68,9ra. Igoera nabarmena da, Horixe da uda aurretik justu Soziolinguistika Klusterrak eginiko azterlanaren ondorio nagusia. Gaur eman dira ezagutzera maiatzean egindako kale neurketaren emaitzak, klusterreko teknikari Belen Urangaren eskutik. Bidelagun izan ditu Marijose Arregi Euskara zinegotzia eta Euskara Mahaiaren izenean, Naroa Olalde.

Marijose Arregik esan du azkenaldian ahots adituek zabaldu izan diguten mezu orokorra euskararen ezagutza mailak nabarmen egin duela gora azken urteetan, baina tamalez erabilerak behera egin duela edo ez behintzat gora neurri berean. “Zer eta Azkoitian berriz ikusi dugu erabilera altxa egin dela! eta zoriontzeko berria da, zeren euskararen gorakada eta arrakasta gizarte osoaren ahaleginaren ondorio dira. Beraz, uste dut, gaur herritarrak zoriondu behar ditugula eta bide beretik jarraitzera animatu. Horixe da goiburu nagusia: euskararen erabilerak gure herrian gora egin du!”.

Belen Urangarentzat ere emaitzak pozgarriak dira. “Oso zonalde euskalduna da eta ikusten da euskara bizi-bizi dagoela. Horri eutsi egin behar zaio“.

Udalak Euskara Planaren baitan hartutako konpromisoetako bat da lau urtez behin hizkuntza erabileraren kale neurketa egitea. 2014an egin zen aurrekoa, beraz, oraingoa bigarrena da. Maiatzaren 16tik ekainaren 2ra bitartean egin zen galdeketa. Behatutako 4.088 elkarrizketek eta horietan solaskide izan diren 10.950 herritarrek osatu dute lagina. “Guk –dio Urangak- kalean entzuten denaren erradiografia egiten dugu, baina zuzenean inori ezer ez diogu galdetzen. Ez da populazioaren aitortza beste metodologia batzuetan egiten dena bezala, alegia, galdeketa bat. Ibilbideak ezarri eta modu anonimoan gure neurtzaileek kalean zer entzuten den jasotzen dute, hizkuntza, adin-taldea eta emakumezkoa edo gizonezkoa den”. Kasu honetan, teknikariaren arabera, azterketaren fidagarritasuna estatistikoki oso handia da”.

Hizkuntzen kale erabilerari erreparatuz, esan bezala, euskararen erabilera %68,9koa da; gaztelaniarena %26,5 eta beste hizkuntza batena, %4,6. Urangak uste du igoera “esanguratsua” dela.

Euskara gaitasunari erreparatuz, emaitzen arabera, Azkoitian euskaldunak dira %76,9, ia euskaldunak %9,2 eta erdaldunak %13,9.

Adinari dagokionez, berriz, erabilera adin guztietan igo da. 2 eta 14 urte bitartekoetan erabilera %77,6koa da; 15 eta 24 urte bitarteko gazteetan %84,7koa; 25 eta 64 urte bitarteko helduetan %63,4koa eta 64 urtetik gorakoetan %61a. “Gehien erabiltzen dutenak gazteak dira. Albiste ona da zeren askotan haurretatik gazteetara jauzi egitarakoan erabilera jaitsi egiten da”. Haurrak bakarrik daudenean ere modu naturalean, %84,4ean, euskaraz aritzen dira azterlanaren arabera. Helduek ere haurrak tartean badaude gehiago erabiltzen dute euskara.

IKUSI KALE NEURKETA TXOSTEN OSOA (PDF)

Euskaraldia

Marijose Arregi zinegotziak emaitzengatik herritarrak eta Euskara Mahaia zoriontzeaz gain, Euskaraldian parte hartzera animatzeko eskatu du. Ahobizi edo Belarriprest zaren erabaki eta izena eman besterik ez dago. www.euskaraldia.eus webgunean segundu gutxitan eman daiteke izena.

IMG 1983

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut