Berriak Azkoitiko Zezenzaleak elkarteak zezen astebukaera antolatu du 500. urteurrena ospatzeko

Azkoitiko Zezenzaleak elkarteak zezen astebukaera antolatu du 500. urteurrena ospatzeko

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 1660

Azkoitian zezenzaletasunaren inguruan hitz egiten duen lehen dokumentua 1518koa da. Urte hartako inauteriei egiten zaie erreferentzia idatzian. Data horren harira, Azkoitiko Zezenzaleak elkarteak sokamuturraren 500 urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu irailaren 28tik 30erako asteburuan. Gaur aurkeztu dute egitaraua elkarteko antolatzaile diren Jose Manuel Jimenezek eta Iban Arregik, eta Zelailuze ganadutegiko Jose Oñederrak. Bidelagun izan dituzte Sonia Vazquez zinegotzia eta Juan Bautista Mendizabal herriko kronista. Azken honek Azkoitiko zezenzaletasunaren inguruko hainbat pintzelkada eman ditu, 500 urteotako hainbat pasadizo eta bitxikeria partekatuz.

Besteak beste, karretoia, trikipoteoa, bazkaria, sokamuturra eta zekorren entzierroa antolatu dituzte asteburu osorako. Halaber, Torrezuri aretoan erakusketa ipiniko dute eta larunbatean, hilaren 29an Kontzejupean, Musika Bandak pasodobleen kontzertua ere eskainiko du.

Antolatzaileek adierazi dute zezenen inguruko ikuskizunetarako legedia oso zorrotza dela hemen estatuko beste toki batzuetakoarekin alderatuta, eta horrela behar duela izan, segurtasunari begira.

Herriko harakinean eta Nafarroako ardozaleetan jatorria

Juan Bautista Mendizabalek zezenzaletasunaren jatorria herriko harakinaren inguruan kokatu du. “Hasiera haietan, baserrietatik txahalak edo txekorrak eramaten ziren harakinarengana gero hiltegira eramateko eta han sortu zen jolasa, zaletasuna. Geroxeago, berriz, herrian edaten zen ardoa Nafarroatik ekartzen zen eta ardozaleak hasi ziren ardoaz gain, zezenak ekartzen. Gaur ezagutzen ditugun zezenketak geroagokoak dira. Sasoi hartan jolas librea zen gehiago”.

Bitxikerien artean aipatu du XVII. gizaldian Udalak banatzen zituela banderillak eta mantak herritarrak animaliekin ibiltzeko. Azkoitiko Udalak 1890ean zezen plaza egin nahi zuela ere gogora ekarri du “baina Diputaziotik ez zegoela dirurik erantzun zitzaion. Ondorengo urteetan pilota sekulako indarra hartzen hasi zen eta zezenak jaisten hasi ziren, baina plazan izaten ziren zezenak eta elizako bankuak eramaten ziren ikusleentzat”.

Plazan oraindik hesi edo barrera markak badaudela esan du Juan Bautista Mendizabalek. Kontzejupean, justu, garai bateko zezendegiko ate parean atera dute argazkia.

Pasadizoekin jarraituz, 1838an Etxebeltzen Carlos V.enaren eta Beira erreginaren ezkontza berretsi zenean, ospatzeko Plazaberrin zezenak jarri omen zizkieten eta Xabier Munibe Madrilera foruak negoziatzera joan zenean ere, negoziaketak ondo joan zirela eta, sari gisa zezenak antolatu zituztela esan du Juan Bautista Mendizabalek. 1930ean, Gurea frontoiaren inaugurazioan ere zezenak presente izan omen ziren.

ZEZEN ASTEBUKAERA

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut