Berriak Urteko lehen seihilekoan 1.421.399 kilo hondakin berreskuratu dira

Urteko lehen seihilekoan 1.421.399 kilo hondakin berreskuratu dira

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 1186

2018ko lehen seihilekoan 2.270.071,7 kilo hondakin jaso dira guztira Azkoitian. Horietatik 1.421.399,1 kilo berreskuratu dira gaikako bilketaren bidez. Hau da, %62,6. Horrek Azkoitia bide onetik doala erakusten du.

Helburua, ordea, gaikako bilketako datuak ahalik eta gehien igotzea da. Hori lortzeko, Udalak berriro aterako ditu kaleetara modu bisualean edukiontzi bakoitzera zer zabor mota bota erakusten duten dorreak. “Birziklatu zalantzarik gabe” leloa du kanpainak. Izan ere, kudeatu beharreko hondakin kopuru ikaragarriaren aurrean, ingurumen-inpaktua txikiagotzea herritarren borondate onaren eta inplikazio mailaren esku dago, neurri handi batean.

Kanpainak herritarren konpromisoa eta hondakinen kudeaketa egoki baten inguruko sentsibilizazioa bilatzen ditu, sortzen dugun zabor kopurua murriztearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen garrantziaz ohartaraziz.

Sortzen den hondakin kopuruaren inguruko ideia zehatza egin daiteke datuak biztanleko estrapolatuz. Kasu horretan, sei hilabetetan batez beste biztanle bakoitzak 195 kilo hondakin sortu ditu eta horietatik, 122 kilo lirateke berreskuratu direnak.

Kontutan hartu behar da, ordea, aipatutako zifrek kaleko zein industriaguneetako edukiontzietan jasotako hondakinak hartzen dituztela barne. Izan ere, pasa den uztailera arte industriaguneetan gaikako bilketarako edukiontzia egon bazeuden arren, hondakin askok edukiontzi grisean amaitzen zuen. Lantegian edo fabrikan bertan kartoia bakarrik biltzen zen.

Esan daiteke, beraz, gaikako bilketa industria eremuetan uztailetik hona bihurtu dela eraginkorra, uztailean hasi baitziren hondakin mota bakoitzaren bilketa pertsonalizatua egiten. Ordutik, fabrika edo lantegi bakoitzak hondakin mota bat ateratzen du bertatik hondakin horri dagokion kamioia pasatzen denean.

Aldaketa honekin orain arteko adierazleak aldatzea aurreikusten da, gaikako bilketa bidez jasotzen den portzentaiak eta kopuruak handituz. Oraindik, ordea, ez dago azken hilabete hauetako daturik.

Kontu gehiago hondakin organikoekin

Udalak herritarrak zoriondu nahi ditu egunez egun zaborrak dagokion tokira botatzerakoan egiten duten ahaleginarengatik eta bide horretan jarraitzeko eskatzen die. Horrekin batera, kontu handixeagoarekin ibiltzeko ere eskatu du hondakin organikoen kasuan, ez dadin konpostaje prozesua arriskuan jarri.

Orain arte, ondo egiten ari zen, baina azken asteetan arduragabetasun gehiagorekin jokatu denaren zantzuak antzeman dira eta horrek ahalegin kolektiboa bertan behera botatzen du. Ohiko erroreetako bat da hondakin organikoa dagokion edukiontzi marroira botatzea baina poltsa biodegradagarria erabili beharrean, beste edozein poltsatan botatzea. Jakina denez, Azkoitian doan eskura daitezke poltsa biodegradagarriak ondorengo establezimenduetan: Odazpi kafetegia (Anaitasuna plaza,1), Elurre kafetegia (Julio Urkixo 20), Lujan kioskoa (Kale Nagusia 72) eta Amalur bideoak (Julio Urkixo 13).

Zalantza zortuz gero, ingurumen sailetik aholkatzen da hondakina edukiontzi grisera botatzea, errefuxaren ontzira, hain zuzen.

“Helburua da –dio Ana Azkoitia zinegotziak- egunetik egunera hobetzen joatea. Asko aurreratu dugu eta orain erronka Azkoitian, eta dugun informazioaren arabera, beste ondoko herrietan eta baita Gipuzkoan ere, biltzen den materia organikoan inpropio (material desegokia) kopurua murriztea da. Ez gaitezen galdu zeren denok gara arduradunak. Erantzunkidetasunik ezean, ezinezkoa da emaitzak mantentzea edo hobetzea. Hobetu ditzakegula erakutsi beharra daukagu eta badut lortuko dugun konfidantza”.

Mankomunitateak ikuskapenak egiten jarraituko du, unean unean dagokion neurriak hartu ahal izateko.

Ondorengo taulan ikus daiteke lehen seihilekoan bildutako hondakin kopurua guztira eta gaika.

2018

Bildutako hondakin

kopurua kilotan

Gaikako bilketa bidez jasotako

hondakin kopurua kilotan

Urtarrila 401.436 253.102
Otsaila 350.173 221.549
Martxoa 357.431 217.224
Apirila 411.019,88 266.286,76
Maiatza 391.153,82 245.444,39
Ekaina 358.858,15 217.793,02
Guztira 2.270.071,7 1.421.399,1

 

* 1.421.399,1 kilo hondakin berreskuratu dira gaikako bilketa bidez. %62,6. 

 

 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut