Berriak Bailarako errealitate sozioekonomikoa ezagutu dute Azpeitiko eta Azkoitiko ikasleek

Bailarako errealitate sozioekonomikoa ezagutu dute Azpeitiko eta Azkoitiko ikasleek

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 8835

Bailarako enpresek bilatzen dituzten profil eta kualifikazio mailak aztertuta, Iraurgi Berritzenen aterkipean, “Elkarrekin eraikitzen” proiektua jarri zen martxan orain bost urte ikasleen artean ekintzailetasuna garatzeko xedez. Egitasmoaren baitan, ikasleei taldeka erronka ezberdinak aurkezten zaizkie lanketa bat egin dezaten. Horretarako, behin kasu erreal bat hautatuta, bailarako enpresekin, osasun zentroarekin, merkataritza elkartearekin eta beste hainbat eragilekin jartzen dira harremanetan, elkarrizketa eta bisita bidez benetako informazioa jaso eta proiektua garatzeko. Gaur aurkeztu dituzte ikasturtean zehar egindako lanak. Parte hartu dute Azkoitiko Floreaga Salestar Ikastetxeak eta Azkoitia BHIk eta Azpeitiko Iraurgi Ikastetxeak, Ikasberri Azpeitiko Ikastolak eta Urola Azpeitia BHIk.

V. edizioa ere arrakastatsua izan da. Bederatzi erronka landu dituzte beste hainbeste taldetan. Parte hartu dute 9 irakaslek, 180 ikaslek eta 40 eragilek. Norbera protagonista bihurtuta ikaskuntza prozesuan, erronkei aurre eginez, bailarako errealitate sozioekonomikoa hurbiletik ezagutzeko parada izan dute neska-mutilek. Udal ordezkariek protagonisten ahotik entzun nahi izan dute proiektuaz egiten duten balorazioa. Bertan izan dira Azkoitiko Udalaren izenean Ana Azkoitia eta Marijose Arregi zinegotziak eta Zestoako eta Azpeitiko alkateak.

“Teoriatik praktikara, ikasgeletatik enpresetara egiten dute jauzi eta esperientzia da lortzen dutena, eta esperientziak, bizipenak dira, hain justu ahazten ez direnak eta ikasleari heldutasun batera iristen laguntzen diotenak, buruz ikasitako formula matematikoak ihes egiten baitigute burutik azkar“, esan du Ana Azkoitiak.

IMG 8860

Ikasleen hitzetan, lehen pausoak eman eta proiektua bideratzea da gehien kosta zaiena. Azkoitia BHIko taldeak, esaterako, Azkoitiko merkataritza txikia aztertu du. Kirol arropa denda baten eredua hartu eta negozioaren indarguneak eta mehatxuak aztertu dituzte, produktu edo zerbitzu berriak txertatzeko aukera, azalera handiko merkatal zentroen eta internetaren eragina, e.a. Ondorioa: kontsumitzaileok herrian bertan erosten hasi beharko genukeela.

Urola Azpeitia BHIkoek industriako lan mundua aztertu dute eta horretarako Ekintza Lantegiaren laguntza osoa jaso dute, enpresaren estrategiak eta norabideak partekatuz.

Ikasberri Azpeitiko Ikastola osasun munduan murgildu da eta osasun zentroaren eta ospitalearen arteko ezberdintasunak jorratu dituzte, batean eta bestean ematen diren zerbitzuak, dauden lanpostuak, lanaren antolaketa, e.a.

Iraurgi Ikastetxeko neska-mutilek, berriz, turismoa aztertu dute. Ostatu bat irekitzeko ahaleginari bide emanez, besteak beste, euren ostatura bezeroak erakartzeko webgunea eta iragarki bat landu dituzte.

Proiektuak aurrera eramateko, ezinbesteka da irakasleen zubi-lana eta baita parte hartu duten eragile guztien ekarpena ere, eta Udalek eta Iraurgi Berritzenek lan hori eskertu nahi izan diete.

IMG 8840

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut