Berriak Pelotai Eune: “Herritarrak pilotari jantzita ikusi nahi ditugu egunari kolorea emateko”

Pelotai Eune: “Herritarrak pilotari jantzita ikusi nahi ditugu egunari kolorea emateko”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 7832

Xabier Bastida, Josu Godoy eta Iker Agirre Javier Zubizarreta alkatearekin.

IV.Pelotai Eunean, larunbatean, “herritarrak pilotari jantzita ikusi nahi ditugu egunari kolorea emateko. San Andresetan baserritar janzten garen moduan, gure helburua da urtetik urtera jende gehiago ateratzea kalera pilotari jantzita”. Horixe eskatu dute Pelotai Euneko antolakuntzako kide diren Xabier Bastidak, Josu Godoyk eta Iker Agirrek. Jendea parte hartzera animatzeko deia egin dute Javier Zubizarreta alkatearekin batera.

Urtetik urtera indartzen ari da Pelotai Eune eta aurten ere mugimendu ederra sortu du. Parte hartzeari begira, datuak esanguratsuak dira. “Duela –dio Iker Agirrek- pare bat hilabetetatik hona 100 partidutik gora jokatu dira. Txapelketan, mutiletan, 42 bikotek hartu dute parte eta nesketan, erdi mailan 8 eta goi mailan 6 bikote izan dira”. Aurten nesken partaidetza izan da nobedadeetako bat eta presentzia inportantea izan dute gainera. Agirrek dioen moduan, “gure funtsa horixe da, Kontzejupera pilota bueltatzea, hori da eta, guk gazteagotan ikusi duguna. Azken urteetan ez da holakorik izan eta buelta eman nahi diogu”.

Aurten Pelotai Eune ez da egun bakar batera mugatuko. Ostiraletik hasiko da. Hilaren 8an, 18:00etan, Kontzejupean Ander Letamendia sendagileak hitzaldia eskainiko du pilotarien eskuen bueltan, finalerdiak eta mutilen final-laurdenak jokatu aurretik. Sailkatzen direnak egunean jokatuko dute. Pilotariez gain, Reyes Azkoitia izango da eguneko beste protagonista, berak izango baitu pelotazue botatzeko ohorea pilotaren alde egindako lanarengatik. Eta nola ez, aurreko urteetan bezala, omenaldia egingo zaie herriko gizon eta emakume pilotariei.

Estrainekoz antolatu dute, halaber, bazkaria. Jorge Oteiza frontoietan izango da, “pare-pareko tokia“, eta 300 bat lagun bilduko dira. Egitaraua borobiltzeko, Torre-Zuri aretoan ere pilotaren inguruko erakusketa egongo da ikusgai.

Pelotai Euneko antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkie Udalari eta gainerako babesleei. “Gure helburua betetzeko laguntza jaso dugu eta oso eskertuta gaude Udalari, frontoia edo Torre Zuri erakusketa aretoa uzteagatik edota Oteiza frontoietan bazkaria egin ahal izateko materialagatik, aulkiak, mahaiak…Babes ekonomikoa emateaz gain, erraztasun guztiak jarri dizkigu. Era berean, Juan Bautista Mendizabali eta lagundu diguten enpresa eta merkatariei ere eskerrak eman nahi dizkiegu”.

Javier Zubizarreta alkateak txalotu egin du ekimena, ideiak edukitzea eta baliabideak jartzea garrantzitsua delako baina boluntarioen lanik gabe ezinezkoa delako horrelako proiektuak aurrera ateratzea. “Pelotai Eune erreferente izaten ari da eta zuek –antolatzaileei- lanak ondo eginda ekarri izan dituzue udaletxera eta beraz, gu gauden bitartean izango duzue gure babesa”. Pilotariz jantzi eta egunaz gozatzeko gonbitea luzatu dute denek.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut