Berriak Azkoitiak bat egin du Euskaraldiarekin

Azkoitiak bat egin du Euskaraldiarekin

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

euskara mahaia

Azkoitiak bat egin du azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean ospatuko den “Euskaraldia, 11 egun baino 11 aldiz gehiago!” ekimenarekin, Udalak eta Euskara Mahaiak sustatuta.

Euskaraldia egitasmoaren helburu nagusia da euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztiok euskara erabiltzea lehenengo hitzetik, hiztunak aktibatzea eta hizkuntza ohituretan eragitea. Euskaraz hitz egiteko edo ulertzeko gai diren herritarrak izango dira protagonistak. Izan ere, ekimenak ariketa bat proposatzen du 11 egunetarako. 16 urtetik gorako herritarrak “Ahobizi” eta “Belarriprest” bihurtu nahi dira.

“Ahobizi” ulertzen duten guztiei euskaraz hitz egiten dietenak dira eta “Belarriprest” euskaraz hitz egiteko gai izan ez arren, gutxienez ulertzen dutenak dira eta eurekin euskaraz aritzeko gonbitea egiten dutenak.

Euskaraldiak iraungo duen egunetan, “Ahobizi” edo “Belarriprest” direnek ikur bat eramango dute bereizgarri modura. Izen-ematea irailean zabalduko da baina Azkoitian Euskara Mahaiak ekin dio jada lanari eta Euskaraldiaren harira, beste hainbat jarduera antolatzeko asmoa du.

Ekimena azaroan aurkeztu zuten Euskal Herriko zazpi lurraldeetako erakunde sustatzaileek eta orain tokian tokiko euskaltzaleei dagokie lan dinamika garatzea. Azkoitian Euskara Mahaiak hartu du Euskaraldia aurrera eramateko konpromisoa eta hasi da lanean.

“Euskaraldiak –dio Euskara zinegotzi eta Euskara Mahaiko kide Marijose Arregik- lortu du euskaltzaleok batzea eta guztiok ekimen jakin baten aldeko apustua egitea ohitura linguistikoak alda daitezen eta egunerokotasunean euskararen erabilerak duen garrantziaz jabetu gaitezen. Egia da asko aurreratu dugula eta ulermen maila oso altua duela euskarak baina mehatxuei aurre egin behar diegu, jakinda euskara dela gurea eta erabiltzeko aukera dugun guztietan erabili egin behar dugula. Gaurko munduan zenbat eta hizkuntza gehiago ezagutu, hobe. Baina gurea lehenetsiz beti”.

Euskara Mahaiak herritarrak eta herriko talde eta elkarteak animatu nahi ditu antolatzen diren ekintzetan parte hartzera.

Euskara Mahaiko kide dira Azkoitiko AEK Euskaltegia, Azkoitia BHI, Bizilore Eskola Aktiboa, Erniarraiz Bertsozale Elkartea, Floreaga ikastetxea, Floreaga Ikastetxeko Elkarrekin guraso elkartea, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Azkoitiko Udala, Izarraitz Lanbide Heziketa, Xabier Munibeko Ikastolako Udaberri guraso elkartea eta Xabier Munibe Ikastola.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut