Berriak Udala Pauso Berriak proiektura batu da, laguntza gehien behar dutenei lan aukerak eskaintzeko

Udala Pauso Berriak proiektura batu da, laguntza gehien behar dutenei lan aukerak eskaintzeko

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

PAUSO BERRIAK

Udal ordezkariak Ander Idoetarekin eta Pauso Berriak proiektuaren arduradunekin. Fran Navarro, Javier Zubizarreta, Ander Idoeta, Ana Azkoitia, Luisma Moreno, Iosu Urbieta eta Susana Velasco.

Udala desgaitasuna duten pertsonen lan munduratzea sustatzea xede duen Pauso Berriak programara atxiki da, bere konpromiso soziala berretsiz. Egitasmoa Gureak eta Atzegik elkarrekin garatzen dute eta pertsona horiei euren lan ibilbidean laguntzean datza, formakuntza eta lan praktikak eskainiz. Horri esker, aste honetan hasi da udaletxean lanean 21 urteko Ander Idoeta azpeitiar gaztea.

Idoetak 1.000 orduko iraupena duten lan praktikak egingo ditu udaletxean, bertako hainbat sailentzat lan eginez. Astelehena izan zen bere lehen lan eguna eta pozik eta irribartsu agertu zen udaletxera, Gureak-eko eta Atzegiko arduradunek lagunduta. Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia zinegotziak egin zioten harrera ongi-etorria emanez eta jarraian Udaleko sail guztiak bisitatu zituzten jada lankide dituen teknikariak eta udal ordezkariak ezagutzeko. Eskuzabal eta ilusioz hartu zuten denek Idoeta.

Idoeta arduratuko da, besteak beste, posta banatzeaz, fotokopiak eta eskanerrak egiteaz, balio ez duten txostenak suntsitzeaz, prentsa jaso eta antolatzeaz, bilera gela prestatzeaz edota dokumentuak gutun-azaletan sartzeaz.

“Aurrez, Anderrek formakuntza ikastaro batean hartu du parte bere lan konpetentziak lantzeko, gaitasunak identifikatu eta dituen ahalmen, nahi eta interesak ezagutzeko. Horrek bere profilaren ezaugarrietara hobetoen egokitzen den enpresa bilatzen laguntzen digu”, diote Pauso Berriak-eko arduradunek. “Udalak bere aldetik hasieratik erakutsi du elkarlanerako prestutasuna espazioak eta lanak egokituz. Anderrekin harreman estua izango dutenek sentsibilizazio eta coaching saio bat ere izan zuten Pauso Berriak-en eskutik”.

Elkarlanari bide emanez, inklusio soziolaboralean Udalak ematen duen beste urrats bat da Pauso Berriak-ekin sinaturiko hitzarmena, lan munduko ateak zabalduz eta aukerak eskainiz.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut