Max sarietarako bost hautagaitza dituen “Treblinkara azken trena” antzezlana ikusgai Baztartxon

2018/04/05, Osteguna - 00:00

Inprimatu

DSC 0101

Ehunka emanaldi eskaini ditu Vaiven antzerki konpainiak “Treblinkara azken trena” obrarekin. Euskaraz eta erdaraz ekoiztua, martxoan Madrilen izan dira bi astez eta egunero antzokia goraino betetzea lortu dute. Apirilaren 7an, Baztartxo antzokian taularatuko dute Max sarietarako bost hautagaitza lortu berri dituen obra. Emanaldia 20:00etan izango da.

Jose Ramon Soroiz da antzezalanean protagonista eta berarekin puntan dabiltzan aktoreek partekatuko dute oholtza. Besteak beste, zineman, telebistan eta antzerkian hain ibilbide oparoa duen Mikel Laskurain da aktoreen zerrenda osatzen dutenetariko bat. “Handia” filmean egindako lanagatik aktore berri onenaren Goya saria jaso duen Eneko Sagardoy ere “Treblinkara azken trena” laneko aktorea izan da, baina orain Ander Iruretagoienak ordezkatzen du.

Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, hamar aktorek hartzen dute parte antzezlanean. Jose Ramon Soroiz aktoreak Janusz Kòrczak hezurmamitzen du. Korczak Varsoviako judutarren umerzurztegi bateko mediku eta pedagogoa da. 1942an, hango buru zela, “haur errepublika zinezko bat sortu zuen bere laguntzaile Stefania Wilzynskarekin (Maiken Beitiak antzezten duen pertsonaia) batera. Haurrekin eskuz esku jardunez, konstituzio bat sortu zuen, bere lege, araudiekin, bai eta bere zigor-kodearekin ere”. Baina umezurztegitik alde egin beharko dute 200 haur judutarrek eta tren bat hartu, Treblinkako kontzentrazio-esparrura eramango dituen trena. Antzezlana biktimei egindako omenaldi bat da Janusz Korczaken oroimenez. “Errazena ideia baten alde hiltzea da, film batean bezala; zailena, berriz, egunez egun ideia baten alde bizitzea da” omen zioen Korczakek.

Ordutegia

Azken antzezlanak 19:30ean eskaini dira. Apirilaren 7a, ordea, umeen danborrada eguna denez, ordu erdi beranduago izango da. Hau da, “Treblinkara azken trena” 20:00etan izango da Baztartxo Antzokian. Sarrerak sei eurotan egongo dira salgai egunean bertan leihatilan.

160929 1076 1

160929 1419

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut