Berriak Udalak Zubiaurre Elkarguneko igerilekuak handitzeko dauden alternatibak aurkeztu ditu

Udalak Zubiaurre Elkarguneko igerilekuak handitzeko dauden alternatibak aurkeztu ditu

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 0384

Udalak eskatuta, Sestra Ingeniaritza eta Arkitektura enpresak Zubiaurre Elkarguneko igerilekuak handitzeko egon daitezkeen alternatiben azterketa egin du eta aurkeztu dira aukerak. Hiru hilabeteko lanaren ostean, dokumentuak igeriketako instalakuntzak handitzeko edo birkokatzeko bost alternatiba jasotzen ditu. Alternatiba guztietan zortzi kaleko igerilekua bermatzeko ahalegina egin da. Egindakoa abiapuntu bat da baina ibilbide luzeko proiektua da duen kostu ekonomiko altuagatik.

Martxoak 7ko Hirigintza Batzordean, Sestra enpresako arduradunek alternatiba ezberdinak aurkeztu zizkieten alderdi guztietako ordezkari politikoei, “Instalakuntza Duinak Orain” plataformako eta Zubiaurre Igeri Elkarteko kideei.

Aztertutako bost alternatiben artean, txostenak baten aldeko apustua egiten du. Onesten den aukera horren arabera, igerileku berriaren basoa egungo belar artifizialeko futbol zelaian kokatuko litzateke, oraingo igerilekuetatik hurbilen dagoen gunea litzatekeelako. Orain dauden igerilekuak, noski, mantendu egingo dira. Horrekin batera, futbol zelaia kanpoko saskibaloi pista dagoen tokira lekualdatuko litzateke. Esku-hartze honekin, kanpoko saskibaloi pista galduko litzateke baina egia da ez duela erabilera handiegia eta barruko jokalekua indartu dela hainbat hobekuntzarekin.

Alternatiba honek zortzi kaleko igerilekua aurreikusten du, 1,40 m-ko sakonera uniformearekin. Eragile nagusia estalduraren eta instalakuntzaren itxieraren gainkarga da. Aukera honek badu gainera balio bereizgarri bat irisgarritasunari dagokionez. Izan ere, igogailua eraikiko litzateke aldageletatik. Alternatiba honen aurrekontua 1.538.073 eurokoa da eta horrek finantziazio bilaketan esfortzu handia eskatzen du. Udala aztertzen ari da 2019ko aurrekontuetan lehenengo partida bat jartzea proiektua bideratu ahal izateko baina ezer ez dago itxita.

Beste alternatibak

Beste alternatibei dagokienez, hasiera batean baztertzeko hainbat arrazoi daude. Albo batera utzitakoen artean, lehenengo aukerak proposatzen du gaur egungo eraikina handitzea Beidazar eta Xabier Munibe kaleetarantz, oraingo fatxada eraitsiz. Bideko zirkulazioan izango lukeen eragina, duen kostua lortzen den hobekuntzarekin konparatuz eta gainera, 12 hilabetez igerilekurik gabe egon beharko litzatekeelako baztertzen da, besteak beste. 1.034.966 euroko aurrekontua du.

Baztertutako bigarren alternatibak proposatzen du igerileku berriaren basoa gaur egungo barruko pistan kokatzea. Horretarako goiko kanpoko saskibaloiko pistetan erabilera anitzeko eta estalitako beste pista bat eraiki beharko litzateke. Ahokadura geografiko eta eraginkortasun zailak ditu, bai exekuzio eta bai erabilera faseetan. Estimatutako aurrekontua 2.169.511 eurokoa da.

Aldeko baloraziorik ez duen hirugaren aukeraren arabera, igerilekua egungo barruko kirol pistaren gainean eraikiko litzateke, igerilekuaren basoaren kota jaitsiz, eta beste planta bat altxatuz kirol pistarentzat. 2.421.784 euroko kostua du alternatiba honek eta funtzionalitate eta irisgarritasun eztabaidagarriak. Gainera denbora luzez, 18 bat hilabete gutxi gorabehera, kirol pistak ezingo lirateke erabili.

Kanpo utzitako azken alternatibak Ugarte Igarako kanpoko igerilekuak berritzea aurreikusten du. Gaur egun dagoen igerilekuari forma aldatu eta arauzko zortzi kaleko beste igerileku errektangular bat eraikitzea proposatzen da. Egungo eraikinen ondoan beste eraikuntza bat altxatzea eskatzen du. Aukera hau baztertzeko arrazoi nagusia da zerbitzuen mantenimenduan eragingo lukeen duplizitatea. 1.613.837 euroko proiektua da. Honek uda batean kanpoko igerilekurik gabe gelditzea ere ekarriko luke.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut