Berriak Hastear ja Idiakez Ederra Etxeko hustutze lanak

Hastear ja Idiakez Ederra Etxeko hustutze lanak

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

idiakez

Datorren astean hasiko dira Idiakez Etxearen barrukaldearen hustutze lanak, eraikinaren birgaitze prozesuan beste urrats bat emanez. Aste honetan bertan langileek aurre lan batzuk burutu dituzte, hala nola, obretarako ateak jarri edota fatxada nagusia ezkutuan uzten zuen murala kendu.

Lanek hiru hilabete inguruko iraupena izango dela estimatzen da. Eraikin barruko hondakinak kendu eta hustu egingo da, behin-behinekoz etxearen estalkia babestuko da urik sartu ez dadin eta arriskutsuak suerta daitezkeen zulo eta tarteak ziurtatuko dira. Obrak Txikerra enpresari esleitu zaizkio 130.855 eurotan.

Javier Zubizarreta alkatearen esanetan, “prozesua luzea izaten ari da izugarrizko sukalde-lana zegoelako atzean. Kanpotik fatxada bat eta andamioak ikusten dira bakarrik, baina oinordetan jaso genuen egoera desblokeatzeko, etxearentzat irtenbide bat bilatzeko eta birgaitze prozesua abian jartzeko, Idiakez Ederrari eskaini behar izan diogun dedikazioa ez sinestekoa da. Baina, tira, etengabe aurrera doa.  Egia da oraindik itxaron beharko dugula bertan Visesa babestutako 14 etxebizitza eraikitzen hasten den arte, baina dena itxita eta adostuta dago. Etxebizitzak eraikiko dira eta azpian pertsona nagusiei zuzendutako Zentro Zibikoa kokatuko da”.

Nahitaez, obrek trabak eragiten dituzte baina gutxiengoak izateko ahalegin guztiak egingo dira. Hasiera batean, Kale Nagusia zabalik mantenduko da trafikoarentzat, izan ere, obra-hondakinen edukiontziak Jesusen Bihotz Agurgarri Plazan jarriko dira eta garabiak ere plazatik egingo du lan. Momentu jakin batean Kale Nagusia itxi beharko balitz, Parrokia aurreko biribilgunerantz bideratuko lirateke ibilgailuak.

Prozesu luzea eta konplexua

Egungo udal arduradunak 2015eko ekainean ekin zioten agintaldiari. Hartutako lehenengo erabakia izan zen Idiakez Ederra etxea 2009a ezkeroztik sostengatzen zuen aldamioa erostea –bertan bizi ziren familiei 2005ean etxetik ateratzeko agindu zitzaien. Udalak 6.027 euro ordaintzen zituen hilero aldamioaren alokairuagatik. Galera ekonomiko hari amaiera jartzeagatik erosi zen aldamioa. Aldi berean, Udala jabeekin negoziaketetan hasi zen. Lan konplexua, inplikatutako alderdiak asko baitziren.

2016ko irailean sinatu zuten aurreneko etxejabeek eraikina Udalari emateko hitzarmena. Jabetzaren %40 zen.

Aldi berean, Udalak Visesarekin eraikinarentzat irtenbide bat adostea lortu zuen: babestutako etxeak egitea Idiakez Ederra Etxean. Visesaren  Administrazio Kontseiluak 2016ko urrian izenpetu zuen erabakia.

Eraikinaren jabetza %100ean Udalaren esku 2017ko apirilean geratu zen, jabegoa zuen azken familiak hitzarmena sinatuta.

Gaur berriro etxea bistan da, armatutako eraikinaren itxura atseginago egite aldera estaltzen zuen olana gainetik kendu ostean. Datozen egun eta asteetan, hustuta geratuko da, etxeak eraikitzeko lanak hasteko prest. Hortik aurrera, Visesari dagokio erabakitzea noiz hasi etxeak altxatzen. Udalak prozesua azkartzeko eskatuko dio.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut