Berriak Jone Zabaleta: “Lasterketa bera ez zitzaidan hain ondo joan, sentsazio txarrak izan nituen baina banekien dena eman beharra neukala”

Jone Zabaleta: “Lasterketa bera ez zitzaidan hain ondo joan, sentsazio txarrak izan nituen baina banekien dena eman beharra neukala”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

jone zabaleta

Jone Zabaleta atletak asteburuan Salamancan jokatutako 3.000 metroko Espainiako Txapelketan brontzezko domina irabazi zuen 23 urtez azpikoetan. eta 10:18:88 denborarekin. Asteburu honetan, berriz, estrainekoz Absolutuen Espainiako Txapelketan parte hartuko du Valentzian 1.500 metroko lasterketan. Udalaren izenean zoriontzeko aprobetxatuz, Zabaletarekin solasalditxo bat izan dugu telefono bidez, Lleidan ari baita ikasten. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak eta Fisioterapia gradu bikoitzaren bigarren maila ari da egiten.

Zorionak Jone! Brontzezko domina etxeratzea lortu duzu  azkoitiar guztion harrotasunerako. Nola joan zitzaizun lasterketa?

Lasterketa ez zitzaidan hain ondo joan, kanpotik hala ematen duen arren. Ez nituen sentsazio onak izan. Txapelketa jokatu genuen pista 800 metroko altitudean dago eta horrek dezenteko eragina izan zuen nigan. Nahiko sentsazio txarrak izan nituen baina aukerak banituela banekien eta dena eman beharra neukala ere bai.

Eta domina etxera. Baina marka hobea egina duzu 3000 metrotan. Inoiz Gipuzkoan emakume mailan egin den bigarren markarik onena alegia, 9 minutu eta 41 segundu.

Hala da. Larunbatekoa oso karrera makala atera zen. Lehenengo bi kilometroak oso makalak joan ziren, inor ez zen aurrean jartzen. Espainiako Txapelketetakoak normalki horrela izaten dira, oso taktikoak, inor ez da aurrean jarri, tiratu eta erritmoa jartzen hasten.

Noiz hasi zien korrika?

LH3n. Lesiorik-eta, ez dut izan eta geldialdirik gabe jarraitu ahal izan dut.

Zer suposatzen du zuretzat kirol honek?

Buff, niri korrika kenduko balitzait, ez dakit zer egingo nukeen. Egunero entrenatzen dut eta zerbait faltako litzaidake.

Egunero entrenatzen duzu?

Asteko sei egunetan. Unibertsitatetik atera eta 19:00ak edo 19:30 inguruan, ordu t’erdi inguru entrenatzen dut. Batzuetan ez du gogo handirik ematen eguna eskolan pasa ostean, euriarekin eta hotzarekin ateratzeko baina badakit egun batean uzten badut hurrengoan gehiago kostako zaidala eta nire buruari kontra egiten diot. Eta hainbeste entrenatuta gero emaitzik ez ikustea etsigarria izan daiteke. Niri markak egitea da motibatzen nauena.

Noiztik zaude Atletico San Sebastian klubean?

Duela hiru urtetatik. Pedro Muñoz azpeitiarra da nire entrenatzailea 2012tik. Lleidan nagoenean mugikorretik bidaltzen dit ze entrenamendu egin behar dudan eta Azkoitira joaten naizenean berak laguntzen dit.

Zein da hurrengo erronka?

800 eta 1500 metrotan denborak jaistea. Asteburu honetan, gainera, lehenengo aldiz hartuko dut parte Absolutuen Espainiako Txapelketan pista itxian eta 1500 metrotan.

Aukera zenuen 3000 metrotan parte hartzeko. Zergatik 1500 m.koan?

Klasifikatzeko gutxiengo baldintza  batzuk bete behar dira eta bietan nuen aukera baina ikusita 3000koan denbora jaistea, aurten behintzat, zaila izango zela, motzena aukeratu nuen.

Salamancan aurreko asteburuan, Valentzian datorren honetan… kirola egite hutsa baino gehiago da txapelketen mundua, ezta?

Bai. Gainera, jende berdinarekin egiten duzu topo beti eta azkenean aurkariak ere lagun egiten  dituzu eta horrek dauka grazia, ez markak egiteak bakarrik. 

Azkoitira sarri etortzen zara?

Ba irailetik Gabonak bitartean behin joan nintzen, gero Gabonetan eta hurrena Aste Santuan joango naiz.

Mezuren bat eman nahi?

Eskerrak eman nahi dizkiet etxekoei, entrenatzaileari eta lagunei eta ni babesten jarraitzeko esan nahi diet.

Zorionak beste behin lortutakoagatik eta zorte on Valentzian.

Eskerrik asko.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut