Berriak Udalak eta “Instalakuntza Duinak Orain” plataformak eskutik joatea adostu dute udal igerilekuaren handitze saiakeran

Udalak eta “Instalakuntza Duinak Orain” plataformak eskutik joatea adostu dute udal igerilekuaren handitze saiakeran

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 1210

Udalak ingeniaritza eta arkitektura estudio bat kontratatu du Zubiaurre-Elkarguneko igerilekuen handitzearen inguruan alternatiben azterketa bat egin eta izan dezakeen kostuaren estimazio ekonomikoa aztertzeko. Udal arduradunek hainbat bilera izan dituzte “Instalakuntza Duinak Orain”eko kideekin. Plataformak ahal bezain pronto igerilekuak handitzea eskatzen du.

Elkarrekin egindako bileretan, non alderdi guztietako ordezkariek parte hartu duten, “eskutik joatea” adostu dute helburua betetze bidean aurrera egiteko, igerilekua  handitzeko nahia denek partekatzen baitute.

Txostena

Instalakuntza Duinak Orain! taldeko kideek txosten bat aurkeztu zuen modu holistiko batean egoeraren eboluzioa, egungo egoera eta igerilekuak dituen mugak aztertuz. Lana eskertu zuten udal talde guztiek eta arazoaren azterketa sakon bat egiteko balio izan du.

Firma bilketa

Plataformak igerilekuak handitzearen aldeko 1800 sinadura bildu ditu dagoeneko. Urtarrilaren amaiera arte luzatuko dute firma bilketa. Udaletik herritarrak sinatzera animatu nahi dira, firma bilketa tresna eraginkorra izan daitekeelako diru-laguntzak eskatzeko orduan. Sinadura hauekin Udalak eta taldeak herritarrek ekimena babesten dutela erakutsi nahi da.

Alternatiben azterketa

Orain kontratatu den alternatiben azterketak bi lan ildo izango ditu: egungo igerilekuaren ontziaren handitzea edota oraingoaren inguruan bigarren ontzi bat definitzea. Igerilekuak gaur egun dituen bost kaleetatik seira edo gehiagora pasatzea posible da bakarrik Beidazar eta Xabier Munibe kaleen paraleloa den aldamenean. Egungo fatxada bota eta eraikina handitu beharko litzateke, bi kaleen trazaketan eragingo lukeelarik.

Bestalde, bigarren ontzi bat eraikitzekotan aukera bakarra da bideragarria. Orain belar artifizialeko futbol zelaiak Elkargunearen estalki gainean hartzen duen espazioa erabili beharko litzateke. Horrek gainerako kirol-pisten berrantolaketa egitera derrigortzen du, saskibaloi gunea desagerraraziz, padeleko pista mugituz eta futbol zelaia birkokatuz.

Hurrengo urratsak

Udalak aurreikusitakoaren arabera, urtarrilaren amaieran edo otsail hasieran izango du esku artean 21.477,50€  euro kostako den alternatiben azterketa. Behin txostena aztertuta, berriro bilera egingo dute udal ordezkariek eta plataformako kideek aurrera begira zer urrats eman ikusteko. 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut