Berriak Parke estalia da 2018ko udal aurrekontu orokorren baitan proiektu nagusia

Parke estalia da 2018ko udal aurrekontu orokorren baitan proiektu nagusia

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

aurrekontuak

Udalak 14.100.000 uroko aurrekontu orokorra izango du 2018rako. Kopuru horretatik, 1.207.500 euro inbertsioetara bideratuko dira, Udal Gobernuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren proposamenaren arabera. Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak gaur aurkeztu dute esku artean duten proposamena.

Aurreikusitako proiektuen artean, ilusio gehien eragin dezaketen proiektuen artean sartzen da parke estaliarena edota igerilekuak handitzeko hasiko den bidea. Izan ere, igerilekuei zer irtenbide eman jakiteko azterlana egingo da. Parkearentzat 150.000 euro aurreikusten dira eta une honetan, Udala kokapenik egokiena aztertzen ari da. Igerilekuei dagokienez, udal arduradunek berriki izan dute bilera erabiltzaileekin eta plataformaren sustatzaileekin,  eta jada Udalak kontratatu du alternatiben azterlan bat. Bileran igerilekua handitzeko Udalak duen borondatea eta prestutasuna helarazi zitzaien erabiltzaileei, garbi utziz horrek duen zailtasuna. “Beharra badago. Arazoa da ez dagoela soluziobide merkerik. Horregatik, hasiko gara eta aurrera egingo diogu. Ikusiko dugu zer eta nola egin daitekeen, baina ezin zaio gauetik egunera soluzioa eman”, dio Ana Azkoitiak.

San Martinen, Balda kaleko berrikuntzak edota Plaza Berriren eraberritzearen proiektuaren lanketa dira proposamenak barne hartzen dituen beste proiektuak, udalerriko koadro elektriko guztiak aldatzearekin batera. Azken lan honetarako 450.000 euro bideratuko dira. Kaleetako argiteria hobetu aurretik derrigorrezkoa da koadro elektrikoak berritzea, azken urte hauetan zeharo abandonatuta utzi baitira.

Ez dago murrizketarik. Partidak jaitsi diren kasuetan, jaitsi dira lehen altuegiak ezarri zirelako kostu errealarekin alderatuta. Iazko aurrekontua 15.780.000 eurokoa zen. Alabaina, 2018ko aurrekontua zenbaki errealetan altuagoa da. 200.000 euro inguru gehiago izango ditu. Horren arrazoia da iazko kontuetan Udalak Urrategi bideko urbanizazioaren exekuzio lanak barne hartzen zirela eta horrek zifra altxa egiten zuen. Hori dela eta, amaierako kopurua altuagoa zen.

Edonola ere, kulturan eta gazterian %6ko igoera emango da. 61.100 euro gehiago erabiliko dira. Nagusiki antzerkia sustatzeko erabiliko da igoera kulturan eta gazteriari dagokionez, Topalekuaren zerbitzuak hobetzeko. Topalekuak egun bat gehiagotan emango du zerbitzua, astearteetan. Halaber, ostiraletako ordutegia ordubetez luzatuko da.

Kiroletan ere partida handitu egin da batik bat pilota sustatze aldera. Halaber, diru-laguntzak ematen jarraituko zaie kirol elkarteei. Festetako partida ere handitu egin da Andramaixetan arratsaldeetan ikuskizun ezberdinak eskaintzeko. Kirol eta festen artean igoera %2koa da, 20.000 euro gehiago.

Hezkuntzan eskola jardueretarako igoera egongo da eta euskaran partida mantendu arren, diru gehiago erabili ahalko da programetarako itzulpenetan gastatzen den kantitatea gero eta murritzagoa delako. Halaber, euskarazko komunikabideei ematen zaien diru-laguntza %5 igoko da.

Ongizaten  ere praktikan igoera bat emango da partida jaitsi arren. Zergatik? Iaz etxez etxeko laguntza emateko 500.000 euroko partida jarri genuen eta 400.000 eurokoa da gastu erreala. Horregatik, aurten, egokitzeko 475.000 euroko partida jarri dugu. Etxez etxeko laguntzaren inguruan esan behar dugu ordenantza berri bat onartzear dugula mapa sozialak agintzen duen moduan eta zerbitzuan hobekuntzak ekarriko ditu horrek. 365 egunetan eskainiko da zerbitzua. Hurrengo bilkuran onartuko da ordenantza. Guk dagkigunez, Irunen ondoren, bigarren herria izango gara ordenantza berritzen.

Prebentzio alorra sustatzea da beste apustuetako bat eta horretarako partida bikoiztea proposatzen dugu. 9.000 eurotik 18.000 eurotara.

Berdintasuneko partida 68.500 eurokoa izango da, iaz baino 4000 euro gehiago. Ingurumeneko partida apur bat jaitsi da. Zergatik? Udalak Urola Erdiko Mankomunitateari egin beharko dion ekarpena baxuagoa izango dela aurreikusten dugu zeren ontzi arinen bilketagatik sarrerak izango ditugu iaz ez bezala eta bestetik, iaz industriaguneetako bilketarengatik inbertsio batzuk aurreikusten ziren, aurten ez direnak behar.

Igoera jasan duen beste partida pertsonalarena da. 211.000 euro gehiago jarriko dira. Udaltzain plazak atera dira eta udaltzain batzuk Arkauten formakuntza jasotzen ari dira, horrek eragin du igoera. Gainera, udal langileen soldatak %1,5 igoko da.

Zerbitzuen kalitatea mantentzea edo hobetzea, herritarren gehiengoaren eskaerei erantzutea eta hauteskunde programa betetzen jarraitzea izan dira udal gobernuaren irizpide nagusiak proposamena lantzerakoan.

Aurrekontu kontsolidatua

Elkarguneko aurrekontua 2018rako 821.473 eurokoa izango da. Iazkoa 774.900 eurokoa izan zen. Inbertsioak egingo dira gimnasioan. Bestetik, Elkargunea kudeatzen duen enpresari egin beharreko ekarpena murrizten doa, bazkide kopurua gora doalako.

Une honetan San Jose egoitzaren eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuak lantzen ari dira.

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut