Berriak Euskara Mahaiak herriko eragileak parte hartzera gonbidatu ditu Euskararen Egunean

Euskara Mahaiak herriko eragileak parte hartzera gonbidatu ditu Euskararen Egunean

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 7783

Azkoitiko Euskara Mahaiak herriko talde eta eragileei gonbidapena luzatu die aurtengo Euskararen Egunean parte har dezaten, eurei emanez protagonismo osoa. Urtero abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Eguna baina igandea denez, eta herriko ikastetxeek ere parte hartzen duten, aurten abenduaren 4an, astelehenean ospatuko da Azkoitian.

Egun horretarako, Euskara Mahaiak 19:00etan deitu ditu taldeak. Plaza goraino betetzea da asmoa. Talde bakoitzak, kide baten ahotik, mezu bat irakurriko du. “Zer da zuretzat euskara?” galderari erantzun beharko dio. Ondoren, denen artean mural bat osatuko da hizkiekin, leloa osatu arte:  “Axkoittixek euskeraz bizi nahi du”.

Amaiera emateko, Erniarraitzeko bertsolariek prestatutako bertsoa abestuko da. Bertsoa aurretik watsap bidez zabalduko zaie taldeei ikas dezaten.

“Euskarak guztiok behar gaitu, eta herrigintzan ari garen talde guztion konpromisoa beharrezkoa da, hizkuntza bizirik mantentzeko. Ahalegin horretan egunero egiten ari zareten lana plazara atera nahi dugu”, dio Euskara Mahaiak.

Aurten Euskara Mahaiak ideia lehiaketa antolatu du Euskararen Eguneko egitaraua berritzeko eta hain justu, lehiaketan irabazle suertatu diren ideiak gauzatuko dira. Besteak beste, eragileek parte hartzeko aukera luzatzea.

Herriko taldeez gain, ikasleak dira beste protagonistak. Euskararen Egunaren bueltan, gutun trukaketa egiten ari dira Azkoitia BHIko, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga salestar ikastetxeko ikasleak euren artean. LH5, LH6 eta DBHko gaztetxoak ari dira parte hartzen  eta horietako zenbait gutun ikastetxeekin eguerdian egingo den ekitaldian irakurriko dira plazan.

Egun berean, LH1-4 ikasturtekoek, berriz, “Euskara hegan” ekimena burutuko dute. Puxikak aireratuko dituzte barruan euskararen inguruko mezuak sartuta.

Euskara Mahaia osatzen duten erakunde eta eragileak: Udala, AEK, Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, AEK, Bizilore, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola, Azkoitia BHI eta Urola Lanbide Eskola.

Horra abenduaren 4an abestuko den bertsoa:

Batzuentzat arrotza

besteen arnasa

dabil kalerik kale

dabil plazaz plaza

izan daiteke testu,

solasa, jolasa,

izan aurrez aurreko

edo mezu jasa

zuk nahi duzun moduan

hartu eta pasa!

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu

AGENDAN DATOZENAK


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut