Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan sarbidea hobeto ezagutzeko lanetan ari dira

2017/09/28, Osteguna - 15:31

Inprimatu

IMG 7347

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan urrats bat gehiago eman ahal izan du Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologia taldeak, Antxoka Martínezen zuzendaritzapean. Aurtengo udan 12. indusketa ekinaldia burutu da Azpeitiko eta Azkoitiko Udalen eta Foru Aldundiaren babesari esker. Eta irailean proiektuaren bigarren faseari ekitea lortu dute arkeologoek  herri harresituaren sarbidean zentratuz lanak.

Gaur herri harresituaren aztarnategian egindako indusketa kanpainaren emaitzak aurkeztu dizkie Antxoka Martínezek proiektuaren babeslei. Bertan izan dira Azkoitiko Kultura zinegotzi Sonia Vázquezekin batera, Azpeitiko Udaleko, Gipuzkoako Foru Aldundiko, Caixabank-eko eta Sidenor-eko ordezkariak.

Antxoka Martínezek azaldu duenez aurtengo aurkikuntza nagusia hormena izan da. “Egiturak oraindik mantentzen dira, ikusten dira, eta nahi izan dugu egonkortu eta bisitagarri egin, alegia, jendeari bueltatu ikerketa lanak egin ondoren”.

“Herri harresitu baten –dio Martínezek- punturik ahulena sarbidea da. Babes natural baten kontra aurkitu izan dugu baina hemengo egitura konplexuagoa da. Adierazten du garaiko defentsa sistemak ezagutzen zituztela. Askotan Burdin Aroko jendearekiko dugun irudia basatiena da eta ez da horrela. Hemen ikusten da planifikazioa, arkitektura eta gotor sistemak kontrolatu eta egokitzen zekitela”.

Monoaundiren kasuan sarbide ondoetan kuboak ikus daitezke, eta kuboa ez da dorre bat. “Beteta daude. Eraso baten aurrean, kanpoko horma erori arren, barrukoa zutik geratzeko da”.

Munoaundiko herri harresituari monumentu izendapena aitortu zion Eusko Jaurlaritzak. Sei hektareako gunea da eta 500 bat metro ditu harresiak.

Antxoka Martínezen esanetan, aurrera begira helburu argiak planteatzen dira hasitako proiektuarekin. “Batetik ikerketa lana, sarbidea osotasunean ezagutzea, hau da, nolakoak diren egiturak, denboran izan duen garapena eta bilakaera horren kronologia. Bestetik, ikerketa behin osatuta, sarbidea berreskuratzeko eta musealizatzeko oinarriak jarriko dira, bisitagarri egiteko, eta horrela, herritar guztiei itzuliko zaie eurena den ondare historikoa”. 

IMG 7282

MUNOAUNDI 2017 Sarbidea Antxoka 1

IMG 7383

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut