Berriak Javier Zubizarreta: “Herritarrekiko errespetu falta izugarria erakusten du gertaturikoak baina argi esan behar da ardura Mankomunitatearena dela eta ikertuko dugula”

Javier Zubizarreta: “Herritarrekiko errespetu falta izugarria erakusten du gertaturikoak baina argi esan behar da ardura Mankomunitatearena dela eta ikertuko dugula”

Kontuz, leiho berrian zabalduko da PDF fitxategiaInprimatuE-posta

IMG 3408

Aizpurutxoko zabor bilketaren inguruko bideoaren harira, prentsa agerraldia egin du Udalak. Javier Zubizarreta alkateak gertaturikoak “herritarrekiko errespetu falta izugarria” erakusten duela esan du eta ez daukala justifikaziorik. Halaber, Udalak defendatzeko eskubidea duen modu berean, herritarrek ere Udalaren egia jakiteko eskubidea dutela esan du. “Erreakzioak asko izan dira, baina gehiago dira etxeetan isilik dauden ahotsak, etxean gaikako bilketa ondo egiten saiatzen direnak. Herritarrei zor diegun errespetua defendatzea tokatzen zaigu gaur. Eta baita Udal honen izen ona ere”.

Ardurak argi utzi nahi izan ditu Udalak eta esan du Urola Erdiko Mankomunitatearena dela ardura bakarra, estatutuetan jasota dagoen moduan. “Udalak duen eskumen bakarra da hondakin bilketa sistema aukeratzea. Gainerakoa Mankomunitatearen esku dago. Mankomunitateak aukeratu zuen bilketa egiten duen enpresa; Mankomunitateak sinatu zuen kontratua; aldatu behar izan denean Mankomunitateak aldatu du kontratua eta Mankomunitateari dagokio kontratuaren eta kontratistaren jardueraren jarraipena egitea”.

Edonola ere, Udalak ikerketa abiatu du guztia argitzeko. Udalak aurreko astean izan zuen bideoaren berri eta neurriak hartzeko eskatu zion Mankomunitateari. Gaur goizeko bileran jakinarazi dio Mankomunitateak Udalari puntualki eta eszepzionalki bilketa batera egiten dela puntu jakin batzuetan inpropioen kopurua handia bada. Izan ere, gaizki bereizitakoa ezin da ondo bereizitakoarekin nahastu, bestela jende askok bereizten egiten duen ahalegina bertan behera geratzen da. Baina gaur arte Mankomunitateak ez dio honen berri Udalari eman.

Mankomunitatearen lehenengo eta bigarren oharren artean, mezu aldaketa

Mankomunitateak ateratako lehenengo oharrean bere gain hartzen zuen ardura eta argudiatzen zuen zergatik egiten den horrela bilketa, azalduz landa guneetan inpropio kopurua handia den kasuetan,dena errefuxarekin biltzea erabaki zela baina neurriak hartzen ari direla hau aldatzeko.

Bigarren oharrean horrelako ezer ez zuen esan eta ardura Udalari leporatzera mugatu zen.

Edonola ere, udal arduradunak soluzioak bilatzeko eta lankidetzarako prest agertu dira.

Joko zikina

Alkateak herritarrek hondakinak bereizten egiten duten ahalegina eskertu du eta ez etsitzeko eskatu du. “Denok batera lortu behar dugu zaborrak ondo bereizi eta birziklapena igotzea. Hortik aurrerako guztiak beste interes batzuei erantzuten die eta Azkoitiko herriak badu heldutasuna hori ikusteko”. “Gauzei –gaineratu du- bere izenez deitu behar zaie. Hemen denok nahi dugu birziklatu eta beste guztiaren azpitik joko zikina dago. Ez daukagu ezer ezkutatzeko”.

Urola Erdiko Mankomunitatean emandako pausoak:

  • 1988an eskualdeko herriek erabaki zuten Mankomunitate bat eratzea hiri izaerako hondakinak, bildu, garraiatu eta tratatzeko. Udalek hiri izaerako bilketa, garraio eta tratamenduaren inguruko ahalmen guztiak Mankomunitatearen esku utzi zituzten. Mankomunitateak bereganatu zuen materia horien gaineko eskumen esklusiboa eta Udalek galdu egin zuten. Horrela dago aitortuta Euskadiko eta Estatuko epaimahai gorenek emandako sententzietan non esaten den Udalek ez daukatela inongo konpetentziarik.
  • 2010 eta 2011 artean, jatorrizko estatutuak aldatzeko prozedura luze bat eman zen herri guztien partaidetzarekin. Orduan herriei onartu zitzaien ahalmen bakarra izan zen bilketa sistemaren aukeraketa. Estatutu berri horietan, gaur egun indarrean daudenetan, herriek daukaten eskumen bakarra da sistema aukeratzea. Behin sistema aukeratuta, bilketa sistema hori kontratatzea, burutzea, jarraitzea, e.a. Mankomunitatearen ardura da eta horrela dago jasota.
  • Azkoitiko herriaren kasuan, bilketa egiten duen enpresaren kontratua Mankomunitateak egin du; Mankomunitateak aukeratu zuen enpresa; Mankomunitateak sinatu zuen kontratua; Mankomunitateak aldatu du kontratu hori eta Mankomunitatea dagokio  -horrela dago kontratuan jasota- kontratu horren exekuzioa eta jarraipena.
  • Udal honek bilketa sistema aldatzea erabaki zuen, sistema mixtoa kenduz eta horretarako Mankomunitatearen estatutuetan esaten den prozedura jarraitu zuen.
  • 2016ko ekainaren 21eko plenoan Udalak onartu zuen Mankomunitateari bilketa sistemaren aldaketa eskatzea. Erabaki hartan Udalak bere gain hartu zituen heziketa eta komunikazio ahalmenak, baina hori ez da ez bilketa, ez garraioa, ez kontrola, ez kudeaketa. Mankomunitateak ordura arte zituen ahalmen guztiak mantendu zituen. Bilketa sistemaren aldaketa zela-eta, Mankomunitateak berak aldatu zuen bilketa sistemarekin kontratua. Txostenean espresuki agertzen da ikuskaritza Mankomunitatearen ardura dela.
  • Ondorioz, bilketa sistemaren garapenaren eta kontrolaren ardura bakarra Mankomunitatearena da, berari dagokiolako kontratua eta kontratistaren jarduera kontrolatzea.
  • Ardura esklusiboa Mankomunitatearena da. 

Iruzkina gehitu


Segurtasun kodea
Freskatu


www.azkoitia.net
Azkoitiko Udala

Jakinarazten dizugu webguneak berezko zein beste batzuen cookieak dituela, eta horien bidez zerbitzu hobea eskaini nahi dizugu, eta nabigazio-esperientzia hobetu nahi dugu. Webgunetik nabigatzen jarraitzen baduzu, horrek esan nahi du onartzen duzula aipatutako helburuekin cookieak erabiltzea. Informazio gehiagorako Cookie politika.

Onrtzen dut